UGT Euskadiko idazkari nagusi izateari utziko dio Raul Arzak

Txabi Alvarado Bañares 2025ko mar. 4a, 17:22

Raul Arza eta Arantxa Ruiz (UGTko antolakuntza idazkaria) kongresuko kartelarekin. / ElDiario.es

Sindikalista laudioarrak hamarkada bat baino gehiago darama kargu horretan. 

Raul Arzak ez du UGT Euskadiko idazkari nagusi moduan jarraituko datorren martxoaren 13 eta 14tik aurrera. Hala jakinarazi du gaur Laudioko sindikalista beteranoak. Aipatutako bi egun horietan egingo dute sindikatuaren kongresua, eta orduan hautatu beharko dute bere ordezkoa. 

Arzak ez du jakinarazi nork beteko duen bere kargua aurrerantzean, baina bai aurreratu du hautagai bakarra egotea gustatuko litzaiokeela. Sindikatuko federazioen artean hitz egiten dabiltza uneotan, "adostasuneko hautagaitza bat" bilatzeko asmoz. Horrez gain, laudioarrak baieztatu du gustatuko litzaiokeela idazkari nagusi berria emakumezkoa izatea, komunikabideek aukera horren inguruan galdetu diotenean. "Gure erakundeak emakumeei zor die, eta ildo horretan egin dugun lana borobilduko genuke horrela, afiliatu eta delegatu emakumezkoen kopurua handitu egin dugulako", azaldu du. 

Hamarkada bat baino gehiago igaro du Arzak UGT Euskadiko buru bezala. 2013an hartu zuen kargua, Damaso Casadori lekukoa hartuta eta botoen %55,6 eskuratuta. Ordutik hona beste bi aldiz hautatu dute, eta bi kasuetan ez da beste hautagaitzarik egon. "Bi legealdietarako etorri nintzen, eta hiru daramatzat", nabarmendu du aiaraldearrak. 

Kide beteranoa da Arza, 1984. urtean sartu baitzen UGTn. Horrez gain, PSE-EEko kide moduan ere jardun du. Laudioko zinegotzia izan zen 1995. urtetik 2002. urtera, eta Arabako biltzarkidea 1983tik 1987ra. Horrez gain, Lanbideko administrazio kontseiluan ere parte hartzen du, eta Juan de los Toyos fundazioko presidentea ere bada (UGTren eta euskal sindikalismoaren memoria historikoa jorratzen duen erakundea). 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide