Laudioko zabor bilketa neumatikoa kudeatzen duen enpresako langileek hilabeteko greba iragarri dute. Lanuztea martxoaren 11n abiatuko dute apirilaren 11n amaitzeko, eta euren helburua da Envac Iberia SA enpresak lan hitzarmen propioa negoziatzea.
Hain zuzen, konpainia hori azpikontratatuta dago zerbitzu publikoa eskaintzeko eta, ELA sindikatuak salatu duenez, "langileak estatuko hitzarmenaren menpe daude, 1.789 orduko lan jardunaldiarekin eta soldata prekarioekin".
Halaber, erakundeak kritikatu du enpresak uko egin diola EAEko lan baldintzak negoziatzeari.
Mobilizazioak
Gauzak horrela, ELAk aurreratu du mobilizazioak egingo dituztela Laudion, Barakaldon, Donostian eta Galdakaon, udalerri horietan kudeatzen baititu enpresak zaborra biltzeko sistema neumatikoak.
Horrez gain, sindikatuak azpimarratu du greban gertatzen denaren arabera baloratuko dutela lanuztea luzatzea.