Blanco y en Bolsa taldeak diskoa plazaratu du eta Ke ardan las calles da bere izenburua. 2024ko amaieran bukatu zuten autoekoizpena eta jadanik hasi dira zabaltzen. Laudion kokatutako musika proiektua da Blanco y en bolsa, eta Pelosek, Txarlyk, Fantoñok eta Tarántulak osatu zuten 2019an.
Soinu gordina, punkaren oldarkortasuna eta metalaren indarra uztartzea izan da euren helburua hasieratik.
Musikari beteranoak dira guztiak eta punk zein hardcore azkarraren bidea hartu dute lehen lan honetan. Nahiko kanonikoa da diskoa zentzu askotan (sistemaren eta poliziaren kontrako abestiak, matxinadaren aldekoak eta drogei buruzko aipu ugari, abesti laburrak eta abiadura handikoak), baina kutsu propioa utzi dute, baterian bereziki.
Izan ere, Fantoñok hainbat metal proiektutan jo du (eskualdeko lehen black metal bandan, esaterako) eta perkusioaren soinua, ondorioz, ez da batere ohikoa, abiadura handiko bonbo bikoitza baliatu baitu.
Lan osoa entzun nahi dutenek badute aukera Youtube plataforma digitalean:
Halaber, diskoa modu fisikoan eskuratzeko gogoak dituztenek euren Facebook orrira jo dezakete eta WhatsApp bidez mezua bidali. 10 euro balio du CDak.