HAIZEA URKIXO

“Asko harritu nau Zipreko gatazka sozialaren eta mugimendu politikoen narratibak”

Maider Ramirez Martin 2025eko martxoaren 22a

Zipreko Nikosia hirian dago Haizea Urkixo laudioarra. / Aiaraldea.eus

HAIZEA URKIXO (Laudio, 2001) Zipreko Nikosia hirian ari da Giza Eskubideak eta Demokratizazioa master europarreko ikasketen azken txanpa garatzen. Mediterraneoko uhartearen berezitasun sozial eta politikoez mintzatu da gurekin.

Zipren zaude orain bizitzen. Nola heldu zinen hara?

Nire ikasketengatik. Giza Eskubideak eta Demokratizazioa master europarra ari naiz ikasten; lehenengo sei hilabetea Venezian izan da, eta bigarrena Europako 42 unibertsitate ezberdinetan egin dezakezu. Hautaketa Master Amaierako Lanaren gaiari lotutakoa da, hau da, unibertsitate bakoitzak dituen adituen arabera hartzen zaituzte batean edo bestean. “Generoa eta Gatazka: emakumeek euskal gatazkan eta ebazpenean izan duten papera genero-ikuspegitik”, gai hori ikertzean oinarrituko da nire lana, eta egokitu zaidan tutorea generoan eta gatazken ebazpenean eta mediazioan aditua da. Master Amaierako Lana egiteaz gain, Giza Eskubideak, Generoa eta Gatazka eta Erradikalizazioaren dinamika ikasgaiak ditut Zipreko Unibertsitatean. Aurretik, Humanitate Digital Globalak ikasi nuen Mondragon Unibertsitatean, eta Ikasketa Globalen adarretik jo nuen. Horregatik da nire masterra Giza Eskubideei buruz egitea erabaki dudala, nazioarteko zuzenbidea, gatzaka sozialak, eta Giza Eskubideen babesa baititut interes handienak.

Nikosia hegoaldean bizi zara. Hiria bitan banatuta dago eta NBEk babesten du muga. Zer eragin du horrek bertako biztanleengan? 

Zentzu horretan, Zipre oso herrialde berezia dela esango nuke. Herrialde honen historia begiratuz gero, ikusi daiteke erreinu asko pasa direla bertatik, zonalde estrategikoa baita interes geopolitikoei dagokienez. Historia hurbilari erreparatzen badiogu, 1925ean Zipre britainiar kolonia bihurtu zen ofizialki; aurrerago, grekozipretarrak independentzia lortzeko borroka armatuari ekin zioten, eta 1960an, Ziprek Erresuma Batutik independentzia lortu zuen, baina Grezia eta Turkiaren bermepeko errepublika bihurtu zen, horrek tentsioak areagotu zituen urteetan zehar eta borroka armatuari ekitea ekarri zuen. 1974an, Greziako junta militarrarekin lotutako estatu-kolpe bat egon zen, eta horren ondorioz, Turkiak iparraldeko Zipre inbaditu zuen.1983an, Turkiaren babesarekin, Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarra aldarrikatu zuten, nahiz eta nazioarteko komunitateak ez duen aitortzen. 2004an Zipre Europar Batasunean sartu zen, baina iparraldeko zatia kanpoan geratzen da. 2017an elkarrizketa politikoak hasi bazituzten ere, ez zuten akordiorik lortu, eta beraz, Ziprek gaur egun bananduta jarraitzen du.

Ni mugatik 5 minutura bizi naiz, esan bezala, hegoaldeko Nikosian, baina iparraldeko alde okupatura behin baino gehiagotan pasa naiz. Arraroa da horrelako muga bat zeharkatzea baina normalizatuta dago hemengoak ez garen pertsonen artean eta turisten artean. Bertako jendearen errealitatea, aldiz, ezberdina da: trauma intergenerazionala eta iruditegi kolektiboan jarraitzen duten minak hor daude oraindik. 

Esaterako unibertsitatean ez da ohikoa turkozipretarrak egotea; haiek iparraldean dituzte unibertsitateak, eta gehienak turkiara doaz ikastera. Horretaz gain, gizartean ikusi daiteke banaketa izugarria dela eta oraindik gatazka hor dagoela, atzerritarra izanik egunerokotasunean hainbeste nabaritu ezin dezakedan arren.

Azpimarratzekoa da ere migrazioaren kontua, migrante asko heltzen den puntua baita. Hori dela eta, nazioarteko erakunde, nazioarteko zein bertako GBEk eta ehun sozial aktiboa dago irla osoan zehar. Giza Eskubideen babeserako antolakunde asko daude, bai migrazioari dagokionez, baita emakumeen eskubideak bermatzeari dagokionez, iparraldea eta hegoaldearen arteko tentsioak baretzeko eta zubiak eraikitzeko…

Zer da Zipretik gehien harritu zaituena? ezberdintasun eta antzekotasunak Euskal Herriarekiko?

Asko harritu nau zein den gatazka sozialaren eta mugimendu politikoen narratiba. Izan ere, Euskal Herritik oso urrun gaude, testuinguru geopolitiko oso ezberdin batean, eta Europar Batasunaren barne gauden arren, badira ezberdintasuna dakartzaten detaileak munduari begiratzeko eran, ez delako gauza bera mundua Euskal Herritik begiratzea edota Zipretik. Horrekin lotuta gehien harritu nauena da Palestinako genozidioarekiko duten ikuspuntua dela esango nuke. Askok logika neoliberalista eta kolonialistaren baitan dauden argudioak dituzte Israelgo estatuaren jarrera justifikatzeko.

Era berean, oso irla txikia izanik mugimendu sozial ugari daude: egunero dago zerbait, hitzaldi bat, pelikula erreprodukzio bat, tailer bat… Mugimendua dago, agian ez dago Euskal Herrian bezain politizatua, baina mugimendu sozial guztiak dira politikoak. 

Nolakoa da bizimodua bertan?

Bizimodua lasaia da, askotan lagunekin aipatu dugu leku egokia iruditzen zaigula haurrak hezteko. Mediterraneoko giroa eta patxada eta lasaitasuna nabaritzen da. Jendea atsegina da denek dakite ingelesez hitz egiten, alde batetik kolonizazioaren arrastoa delako, eta bestetik turkozipretarrekin komunikatzeko duten hizkuntza delako. Egia esan, horrek niri erreztasunak ekartzen dizkit orain, jendearekin komunikatzeko orduan,  baina bertan badadude ere egoera zaurgarrian dauden beste hizkuntza batzuk, hala nola armeniera edo kurbetcha (bertako ijitoen hizkuntza).

Aurretik Venezian eta Kolonbian ere egin dituzu egonaldiak zure ikasketak direla eta, nola baloratzen dituzu esperientzia horiek?

Oso positiboak izan dira, ez nituzke ezerrengatik aldatuko. Hiru esperientziak oso ezberdinak izan dira, ez dute zerikusirik elkarren artean. Uste dut hainbat lekutan egonald hauek egin izanak ikuspuntu zabala eraikitzen lagundu didala, nire pribilegioak zeintzuk diren eta horiekin ahalik eta kritikoena izaten eta  balore eta pribilegioen arteko balantzan ahalik eta konektatuen egoten saiatzeari utzi gabe. Esperientzia hauek ikusmira zabala eraikitzen lagundu ahal digutela, baina aldi berean oinak lurrean eta zure lekuan izan behar dituzula munduaren irakurketa egokia egiteko, umiltasunez. Dena esponja baten modura xurgatzen saiatzen ari naiz, benetan baliodun zerbait eraiki ahal izateko. Esango nuke balantza horretan dagoela gakoa atzerrira bizitzera zoazenean, ikasitako hori modu egokian aplikatzeko eta pasatzen zaren lekutik inpaktu positibo bat uzteko, edo behintzat, inpaktu edo aztarna hori ez dadin izan zure ego eta pribilegioen ondorio.

Etorkizunera begira, han-hemen egonaldi luzeak egiten jarraitzeko asmoa duzu? Ala Euskal Herrian denbora batez geratzea aurreikusten duzu bueltatzen zarenean?

Etorkizunari begira plan ezberdinak ditut, erabakia aukeratzeko momentua heltzen denean hartuko dudala uste dut. Badut amets bat eta hori lortuko banu nahitaez egonaldi ezberdinak egin beharko nituzke atzerrian, nire bizitza osoan zehar. Egia da horrekin dilema bat sentitzen dudala; izan ere, irakasle batek behin ezan zidan: nondik begiratzen duzu zuk mundua, Haizea? Hori argi daukat. Oinak oinutsik, Euskal Herriko edozein belarditik begiratzen dut mundua, horrek dakartzadan konexioaren osotasunarekin. Nora begiratzen dut? Non eraiki nahi dut amesten dudan mundu hori? Euskal Herrian ere, hori argi daukat. Baina ikasteko asko daukadala sentitzen dut eta atzerritik, esperientzia anitzetatik ikasi eta ikasitakoarekin bueltatu nahiko nuke, egiteko modu berriekin. Beraz, momentuz ez dut uste Euskal Herrian lurra hartuko dudanik baina nork daki. Beti da beharrezkoa zarenarekin duzun konexioa ez galtzea, eta hortaz, behar dudan guztietan bueltatuko naiz eta berreraikiko naiz han, ni neu naizen lekuan, sustrai eta loreak ditudan lekuan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide