Laudio II. Eskalada Txapelketan umeen, nerabeen eta helduen kategoriak egongo dira

Aitor Aspuru Saez 2025eko martxoaren 6a

2023an egin zuten txapelketaren lehen edizioa. / Aiaraldea.eus

Martxoaren 29an izango da adin oroko eskalatzaileentzako hitzordua eta izena emateko aukera dago jadanik.

Abenduaren 21ean egin behar zuten Laudio II. Eskalada Txapelketa, baina azken unean bertan behera uztea erabaki zuten, Santo Tomas jaiarekin bat egiten baitzuen. Gauzak horrela, Haitzetan Gora Mendi Taldeko kideek aukera baliatu dute martxoaren 29an berriro antolatzeko eta lehiaketa zabaltzeko eta aniztasuna emateko.

Ondorioz, martxoko azken asteburuan lau kategoria egongo dira lehian parte hartzeko. Goizez umeek eta nerabeek hartuko dute rokodromoa 9:00etatik aurrera. Izan ere, bederatzi urte azpiko, hamabi urte azpiko eta hamalau urte azpiko kategorietan multzokatuko dituzte.

Hamabost bloke eskalatu beharko ditu eskalatzaile bakoitzak eta ordubete izango du horretarako.

Sariak egongo dira irabazleentzat, baina zozketak ere egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. Amaitutakoan, askaria egongo da guztientzat.

Arratsaldean helduak

Helduen txanda arratsaldean izango da. Gehienez 75 lagunek parte hartuko dute eta 25 lehiakideko txandetan arituko dira. Finalean bost emakumezko eta bost gizonezko egongo dira 19:30ean, nor baino nor trebeago.

Berez, lau bloke eta bide bat osatu beharko dute eta irabazleak sarituko dituzte.

Parte hartzaileek ere zozketa bidez eskuratu ahal izango dute saria. Proba bukatzen denean mokadua egongo da kirolari zein ikusleentzat.

Izen ematea

Aintzat hartu beharra dago parte hartzaileen kopurua mugatua dela. Umeen eta nerabeen artean 30 eskalatzaile lehiatuko dira kategoria bakoitzeko, 90 guztira. Helduen artean, aldiz, 75 lagunek emango dute izena. Adingabeek 8 euro ordainduko dituzte eta nagusiek 15. Inskripzioa hemen egin daiteke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide