Arrañoko Orkidea Basatiak jardunaldien II. edizioa helduko da aurten martxoaren 30etik ekainaren 1era bitartean. Horretarako, Laudiokoloreak taldeak Udalaren babesa izango du berriro eta lau ekintza antolatu dituzte lore bitxi horiek ezagutarazteko. Izan ere, Arrañoko landare mota horietako bi Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan jaso dituzte.
Bide anitzak landuko dituzte orkideei buruzko interesa pizteko. Hasteko, martxoaren 30ean argazkigintza tailerra eskainiko du Urtzi Verak. Hainbat tresna baliatuta (argazki makinak edo sakelakoa) orozkoarrak azalduko du nola erretratatu daitezkeen landareak. Berez, bi zati izango ditu saioak. Alde batetik, bi orduko alde teorikoa egongo da eta beste biak praktikoak izango dira.
Identifikatzeko tailerrak
Bi tailer deituko dituzte landare espezie berezi horiek hobeto identifikatzeko. Lehenengoa maiatzaren 10ean izango da eta bigarrena hil bereko 24an.
Lehen saioa Laudiokoloreak taldeak emango du, Berbalagun ekimenaren barruan. Hortaz, euskaraz izango da. Bigarrena, aldiz, gazteleraz egingo dute. Kasu bietan ordu batek azalpen teorikoak jasotzeko balioko du eta beste bi ikasitakoa praktikan jartzeko.
Ekainaren 1ean, gainera, 65 urtetik gorako herritarrentzako ibilaldia prestatuko dute Arrañon, orkideen artean.
Leku mugatuak eskainiko dituzte eta izena emateko 651 703 137 telefono zenbakia erabili daiteke, WhatsApp mezua bidalita.
Argazki lehiaketa
Azkenik, argazki lehiaketa egingo dute ekainaren 1etik 10era. Izen-ematea udal webgunearen bitartez egin beharko dute parte hartzaileek.