Rafaela Garrido laudioarra omendu du Aldundiak, industriaren sektorean egindako lanagatik

Maider Ramirez Martin 2025eko martxoaren 7a

Atzo egin zuten ekitaldia, Gasteizko Artium Museoan. / Arabako Foru Aldundia

Rafaela Garridorekin batera, Arabako Kuadrilletako beste zazpi emakumek jaso dute aitortza. Haiek dira, hain zuzen, Arabako Emakumeen Aztarnak Historian proiektu multidiziplinarreko protagonistak.

Arabako emakumeek historian egindako lanari aitortza egin nahi izan dio Aldundiak martxoaren 8ko ekimenen barruan. Atzo egin zuten ekitaldia Artium Museoan, eta zazpi emakumek jaso zuten haiek utzitako ondarea balioan jartzeko aintzatespena.

Horien artean, Rafaela Garrido Masek jaso zuen saria, Laudioko industrializazio prozesuan lan egin zuten emakumeen izenean.

Rafaela Garrido, Laudioko emakume langileen ordezkari

Aldeaquemadatik (Jaen) Laudiora etorri zen Rafaela Garrido 1995ean, aukera eta etorkizun hobeen bila. Eskualdea industrializazio bidean zegoen garai hartan, beste hainbat emakumeren antzera, bera ere fabrikan aritu zen, lan baldintza gogorretan eta gizonak nagusi ziren sektorean.

Ekitaldian, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek azpimarratu zuen aitorpen horiek "justizia ekintza bat" direla. "Inoiz ez ditugu ahaztuko aurrera eginarazi diguten emakumeak, garrantzitsuak izan baitira gizarte honen aldaketetarako, eta eredugarriak direlako belaunaldi berrientzat eta etorkizuneko belaunaldientzat", adierazi zuen. 

Itzaletik ikusgarritasunera

Paquita Sáez de Urturi, Isabel Mellén, Maria Ángeles Reso, Garbiñe Astondoa, María Pilar Peciña eta Inés Alonso izan dira Rafaela Garridorekin batera omenduak.

Haiek dira, era berean, Arabako Emakumeen Aztarnak Historian proiektuko protagonistak. Egitasmo hori, hain zuzen ere, "komiki batean eta ikus-entzunezko hainbat materialetan gauzatu da, eta Arabako landa eremuko kuadrilletako emakumeek historian zehar egindako ekarpenak berreskuratu eta nabarmendu nahi ditu, eta, aldi berean, bigarren mailara baztertu dituzten desberdintasunak nabarmendu".

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, aldarrikapenak egiteko tartea hartu du modu honetan foru erakundeak, eta "konpromiso bikoitza" adierazi du, "Arabako emakumeen memoria historikoarekin eta feminismoa mugimendu sozial, politiko eta kultural gisa aldarrikatzearekin, berdintasunezko eta diskriminaziorik gabeko etorkizuna lortzeko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide