Mugimendu berezia egon da asteburuan Laudioko Andaluziako Etxean. Izan ere, andaluziar jatorriko herritar ugarik euren aberriaren eguna ospatu dute ostiraletik igandera bitartean.
Bereziki haurrei bideratuta egon zen ostiraleko egitaraua, marrazki lehiaketa, txokolatada eta diskofesta egon baitziren. Larunbatean, ordea, ermandadearen bazkaria egin zuten, eta iluntzera arte luzatu zen jai giroa, emanaldiak eskaini baitzituzten etxeko taldeek zein Repicando taldeak eta Mario Salazarrek.
Igandean, ospakizunaren amaiera-ekitaldian, Manuel Cuevas semeak Andaluziako ereserkia abestu zuen lehenbizi. Horren ostean, Loli Solisek, batzordeko presidenteak, diskurtso hunkigarria irakurri zuen. Andaluziatik Euskal Herrira emigratu zuten belaunaldi horiek gogoratzeaz gain, esker-mezu bat helarazi zien Laudioko Andaluziako Etxeko erabiltzaileei, bere batzordekideez lagunduta.
Asteburuko ekitaldiei amaiera hobezina eman zion Algarabia dantza taldeak, Cadizeko alegria batzuk dantzatuz.