GORKA AGUIRRE ASTOLA

"Eskualdean lehentasun gehiegi eman zaio enpresa handiari, eta enpresa txikia ez da inoiz kontuan hartu"

Txabi Alvarado Bañares 2025ko mar. 10a, 08:40

Gorka Aguirre Astola Laudioko industriagunean. / Aiaraldea.eus

GORKA AGUIRRE ASTOLA (Legutio, 1969) Lanean Aiaraldean federazioko presidentea da. Laudio eta Amurrioko enpresa zein merkatarien elkarteen indarrak batu dituzte egitasmo berri horretan. Proiektuaren nondik norakoen eta eskualdeko egoera ekonomikoak dituen erronken inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin. 

Lanean Aiaraldean federazioa aurkeztu zenuten iragan otsailaren 27an. Nondik sortzen da egitasmoa? Zer ezberdintasun ditu lehenago sortu diren antzeko beste ekimen batzuekin alderatuta?

Iaz hasi ginen, 2024an. Laudio Group-etik (Aguirre elkarte horretako presidentea ere bada) telefono deiak izan genituen Amurrioko enpresen elkartearekin. Ordura arte Laudiok bere elkarteak zituen eta Amurriok bereak, eta bakoitzak bere bidea egiten zuen.

Jardunaldi batean batu ginen, Reforren, eta Amurrioko elkartekoek proposatu ziguten bilera bat egitea bakoitzak zer egiten zuen ikusi eta zer aukera egon zitezkeen ikusteko. Uztailean egin genuen bilera, Laudion. Etorri ziren Iñaki Vivanco (Apill-eko presidentea), Jon Aspuru eta Gaizka Barañano, eta Laudio Group-etik egon ginen Aitor Basterra, Iñigo Zornoza eta hirurok. 

Harreman ona sortu zen gure artean, eta ikusi genuen Amurriokoek gauza batzuk egiten zituztela eta guk beste batzuk, osagarriak. Orduan pentsatu genuen hitz egiten jarraitzea, elkarrekin zer egin genezakeen ikusteko. 

Hasierako asmoa bazen elkarrekin lan egitea baina bakoitzak bere izena baliatuta. Baina urte bukaeran pentsatu genuen merkatariak ere sartzea, komertzioak ere enpresak direlako, berezitasunak dituzten arren. Denak batzea erabaki genuen, bakoitza bere munduan ibili ordez. Eta horrela izan zen: urte bukaerarako erabaki genuen federazioa muntatzea. 

"Pentsatu genuen merkatariak ere sartzea, komertzioak ere enpresak direlako, berezitasunak dituzten arren"

Baina federazioak ez ditu Laudio eta Amurrioko enpresak soilik batzen, ez?

Okondon, Arespalditzan eta Artziniegan badaude enpresa eta komertzioak, eta horiek ere batzea nahiko genuke. Aiaraldeko enpresa, merkataritza eta turismo sektoreko enpresa guztiak batu nahi ditugu, hori da asmoa. Oraindik askok ez gaituzte ezagutzen. Orain Amurriora joaten bagara eta jendeari galdetzen badiogu ea zer den Lanean Aiaraldean seguraski ez dute jakingo zer demontre den. Orain, gure asmoa da herriz herri joatea aurkezpenak egiten, udalen laguntzarekin. 

Merkatarien elkarteak ere batu dira federaziora. Nola uztartu daiteke euren errealitatea federazioaren barruan?

Egia esanda, oraindik pentsatzeke dugu hori. Oraindik ez gara sartu esparru horretan. Egin behar dugun lehen gauza bada merkatariek gu ezagutzea. Nire buruan gehienbat enpresa dago, ez merkatariak, baina horrek ez du kentzen arrazoizko epe batean gai horri ere heltzea. Denbora behar dugu, baina iritsiko da unean zeinetan merkatariak maila berdinean egongo diren, saltokien ere enpresetatik ikasi dezaketelako, batzuetan enpresak urrats bat aurretik goazelako. 

Eta Aiaraldeko herri bizkaitarretara ere zabaltzeko asmoa duzue?

Urratsez urrats joan nahi dugu. Lehen urratsa da Arabako zonaldearekin ondo moldatzea. Behin hori eginda etorriko litzateke hurrengo pausoa. Ikusten badute Arabakoak ondo funtzionatzen duela modu naturalean sartuko ginateke Urduña eta Orozkon, bizitza Laudio eta Amurriorekin egiten dutelako. Baina hori hurrengo urteetarako kontua da. 

Eskualdeko enpresa txiki eta ertainak ordezkatu nahi dituzue.

Federazioan gauden enpresa gehienak oso txikiak gara. Gometegui da handiena, 60tik gora langilerekin, baina gehienak 5, 10 edo 15 pertsonakoak gara. Gure beharrak eta enpresa handienak oso ezberdinak dira. Guk gauza txikiak landu behar ditugu. Enpresa txikion beharrak ez dira handiek dituzten berdinak, eta uste dut Aldunditik edo Jaurlaritzatik etorri diren ekimenetako askok ez dutela bat egin enpresa txikiok dugun filosofiarekin.

"Enpresa txikion beharrak ez dira handiek dituzten berdinak, eta uste dut Aldunditik edo Jaurlaritzatik etorri diren ekimenetako askok ez dutela bat egin enpresa txikiok dugun filosofiarekin"

Enpresa txikiak eguneroko lanean zentratzen dira, eta Aldunditik, Jaurlaritzatik edo beste erakunde batzuetatik etorri daitezkeen laguntzekin gertatzen da, askotan, ez dakitela existitzen direnik ere, eta askotan diluitu egiten direla, enpresa handietan amaituz gehien jota.

Horregatik, federazioaren helburua bada denak batzea eta denon artean lan egitea (denbora eta konfiantza behar da horretarako), erreferentziazko puntu bilakatu ahal izateko administrazioaren eta enpresa txikiaren artean.

Hori da ezberdintasuna: enpresa txikiaren ordezkari izan nahi dugu. Badugu handien beharra: Tubacex, Amurrio Ferrocarril, Tubos Reunidos, JEZ… gustatuko litzaiguke eurek gu kontuan izatea eta baita federazioan parte hartzea moduren batean. Europatik datozen gauza berrien bitartekari izan daitezke. Azken finean, eurek mundura esportatzen dute eta badakite zer den mundua eskatzen ari dena. Horregatik, oso ondo etorriko litzaiguke etortzear dagoen errealitatearen berri ematea noizbehinka: Trump efektuaren inguruan edo beste edozein konturekin. Enpresa mundura etorriko diren beharrizan edo exijentzia guztiak enpresa handira iristen dira lehenbizi eta gero iristen dira txikira. Horregatik, eurek esan ahal digute zer bidetatik joango diren industria edo zerbitzuak. 

"Badugu handien beharra: Tubacex, Amurrio Ferrocarril, Tubos Reunidos, JEZ… gustatuko litzaiguke eurek gu kontuan izatea eta baita federazioan parte hartzea moduren batean"

Eskualdetik askotan dagoen irudia bada badaudela hiruzpalau enpresa handi eta besteak euren atzetik doazela, handien hornitzaile funtzioa betez. Hori horrela da?

Bai eta ez. Orain Guardianena dago mahai gainean. Sekulako kolpea da, egia da. 171 familia daude bertan, eta inpaktua oso gogorra da eta hedabide guztietan agertzen da. Hiruzpalau langileko tailer txiki batek ixten badu, aldiz, inor ez da enteratzen. Albiste guztiek diote Aiaraldean enpresak ixten direla, krisia… baina ez da egia. Federazioan, adibidez, 300 enpresa baino gehiago gaude, eta bakoitzak hiruzpalau langile dituela kontuan hartzen baduzu, 1.000 pertsona baino gehiago gaude lanean. 

Orain arte dependentzia asko egon da enpresa handiekiko, jende gehienak eurentzat egiten zuelako lan. Baina, nire ustez, egoera aldatu da. Tubacexen egondako greban, adibidez, hornitzaile funtzioa betetzen zuten enpresek ikusi zuten ezin zutela bezero bakarraren menpe egon, eta orduz gerotik uste dut hasi direla zabaltzen. 

"Albiste guztiek diote Aiaraldean enpresak ixten direla, krisia… baina ez da egia"

Inportantea da hori: ogia ezin da etorri alde bakarretik, dibertsifikatu egin behar da. Une honetan Guardian itxiera prozesuan dago, baina enpresa txikiak nahiko ondo daude. Egia da ekonomikotik ez dagoela ezer argi, zalantza asko daude, Trump dela eta ez dela… baina lana oraindik badago. Ez dakit gero krisia etorriko den, baina printzipioz esaten dute ekonomia aurten %1 baino gehiago igoko dela. Ez da asko, baina mantentzeko behintzat bai. 

Nire ustez enpresa txikiak ez gaude hain txarto, eta hori ere ikusi behar da. Beti agertzen dira albiste txarrak, baina ikusi behar da baita ere albiste onak daudela. Hori mugitu behar dugu. 

“Tubacexen egondako greban, adibidez, hornitzaile funtzioa betetzen zuten enpresek ikusi zuten ezin zutela bezero bakarraren menpe egon, eta orduz gerotik uste dut hasi direla zabaltzen”

Zeintzuk dira federaziotik dituzuen asmo eta proiektuak?

Ideia bada Aiaraldea mapan jartzea, modu positiboan, eta elkarlana bilatzea horri begira. Aiaraldeak jarraitzen du metalaren eraldaketan oso zentratutako eskualdea izaten. Horregatik, posible balitz, nahiko genituzke negozio lerro berriak bilatu, hemen daudenekin bateragarriak izan daitezkeenak. 
Saiakera bat egin zen duela pare bat urte, zonaldeko enpresa pribatuaren eta EAEko ‘star-up’-en artean. Ez zitzaigun ongi atera, argi eta garbi, baina bide horretatik jarraitu behar dugu. 

Zergatik ez zen ondo atera?

Ez genuelako nahikoa ondo egin. Saiakera bat izan zen. Laudio Groupetik sustatu genuen, eta bertan 20 enpresa baino ez gaude, ez zen adierazgarria. Uste dut ez genuela ondo komunikatzen jakin eta ez genituen behar bezain ondo lerrokatu enpresa handien balizko jakinminak ‘star-up’-ek zekartenarekin. ‘Star-up’ek egiten zutena erakutsi zuten, baina agian ez zuten ondo enkajatzen. 

Horregatik, enpresa batzuk ekartzeko, hemengo enpresa traktoreekiko osagarriak izan daitezkeenak eta dibertsifikazioa sustatzeko, lehenbizi ikusi behar dugu zerk egin dezakeen bat zonaldearekin, erakargarriagoa egiteko. Nasa ekarriko dugu hona? Ez. Laborategi farmazeutiko bat? Ba agian ezta, zonaldean ez dagoelako bere jarduna osagarritu dezakeen beste enpresarik. Uztargarriak izan daitezkeen zerbitzuak bilatu behar ditugu, hona etortzean ikusiko dutenak zonalde hau interesgarria dela, zerbitzu osagarriak eskaini ditzazkeelako. 

Hori da baliatu nahi dugun hanketako bat. Horrez gain, bi lerrotan egin nahi dugu lan. Alde batetik, epe luzerako proiektuak daude. Adibidez, zonalde honetan badago erabat hilik dagoen trenbide-lerro bat, martxan jarri ahalko litzatekeena zenbait merkantzia pisutsu garraiatu eta, modu horretan, karbonoto arrastoa murrizteko. 

"Zonalde honetan badago erabat hilik dagoen trenbide-lerro bat, martxan jarri ahalko litzatekeena zenbait merkantzia pisutsu garraiatu eta, modu horretan, karbonoto arrastoa murrizteko. (...) Horretan ari gara lanean Adif-ekin"

Hori da enpresek bilatzen duten gauzetako bat toki batera joaterako orduan: euren karbono-arrastoa konpentsatu ahal izatea. Garraioa trenez egiten baduzu kamioiekin egin ordez, adibidez, asko murriztu egiten da hori. Gauzak hala, deskarbonizazioa sustatuko duten gauzetan egin nahi dugu lan. Enpresa handiek milloiak ordaintzen dituzte sortzen duten karbono-arrastoagatik.
Horregatik, lortzen badugu zonalde hau erakargarria izatea enpresei lagundu ahal diegulako euren karbono arrastoa txikiagoa izaten, hori bada inbertsioa eta enpresa berrien etorrera sustatzeko modu bat. Horregatik, trenaren proiektu horretan ari gara lanean Adif-ekin, martxan jarri daitekeen ikusteko. 

Gainera, Aiaraldeko Berehalako Ekintza Planetik ere gustatuko litzaiguke lerro batzuk ateratzea modu errazean inplementatu ahalko liratekeenak. 

Horrez gain, eguneroko lana egongo litzateke. Adibidez, Adimen Artifizialari buruzko jardunaldiak egiten ari gara gure erakundeetan nola txertatu dezakegun ikusteko, teknologia horrek jan egingo gaituelako. Zibersegurtasunari lotutako ekimenak ere burutzen ari gara: diagnostikoak egin zaizkie enpresei ikusi dezaten zer nolako egoeran aurki daitezkeen hackerren erasoen aurrean, geroz eta ohikoagoak direnak. Berdintasunaren planak ere egin ditugu, eta erosketen zentral berri bat landu nahi dugu beste elkarteekin batera, zerbitzu edo produktu batzuk elkarrekin erosi ahal izateko.

Hondakinen kudeaketari ere heldu diogu. Amurrion bazuten zerbitzu bat kontratatuta hondakin zehatz batzuk jasotzeko. Hori ekonomikoagoa da, enpresa guztien hondakinak jaso ahal direlako bidaia bakar batean. Aukera hori asko gustatu zaigu eta gurera ekartzen saiatuko gara. 

Azken finean, bada bilatzea proiektu batzuk enpresan inpaktua dutenak epe oso motzean, eta gero epe luzera begirakoak lantzea modu paraleloan, trenbideari edo Berehalako Ekintza Planari lotutakoak kasu. 

Federazioak baditu baliabideak aipatutako proiektuak burutzeko?

Dirua behar duzu, ez dago besterik. Horregatik, federazioan dauden elkarteek dirua jarri dute lehenengo gauzak mugitzeko. Horrez gain, dirua jarri dute baita Foru Aldundiak, Aiarako Kuadrillak zein Laudio edo Amurrioko Udalek. Asmoa da diru horrekin bulego bat irekitzea. Baina hori erraza da, bulego bat utziko digutelako ia ziur Laudioko Tokiko Garapen Agentziako eraikineko beheko solairuan. 

Horrez gain, aurten bertan pertsona bat izan nahiko genuke, eguneroko lana mugitzeko. Orain arte egon direnak praktikadunak izan dira, asko ikasi dute eta esperientzia irabazi dute. Baina orain pertsona bat behar dugu, ahal bada zortzi ordu egunean egongo dena lanean. Hori da asmoa. 

"Bulego bat ireki nahi dugu, eta pertsona bat behar dugu, ahal bada zortzi ordu egunean egongo dena lanean"

Aiaraldeko Berehalako Ekintza Plana aipatu duzu. Zer gustatuko litzaizueke lortzea plan horretatik?

Asmoa bada gurekin kontatzea plan horretatik edo edozein administrazio publikotik hona zeozer ekartzeko saiakera egiten den guztietan. Gu ez gara mugatzaileak izango, administrazioek egokien ikusten dutena egingo dute, baina guk izan dezakegu hemengo errealitatearekiko begirada askoz hurbilago bat.

Adibide bat jartzearren: industria poligonoak sortu daitezke, baina egin beharko litzatekeen lehen gauza bada enpresak ekartzea, egon badaudelako itxita dauden pabilioiak. Neurria hartu behar zaie planteatzen diren ekimenei eta izan ditzaketen efektuei. 

Ziur nago Berehalako Ekintza Plana oso ondo egina dagoela, baina kanpoko enpresek egin dute, ez dira hemengoak. Horrek ez du esan nahi balio ez duenik, baina gero eguneroko errealitatean beharrezkoa da egiten diren jarduerak benetako beharrizanetara moldatzea. Oso ondo dago ahal bezain beste baliabide bideratzea eskualdera, baina ondo legoke begiratzea baliabide horiek nola inplementatu daitezkeen, gatazka politikoak ekidinez. Federazioaren ikuspegitik, niri berdin zait enpresa bat Laudio, Amurrio, Arespalditzara edo Okondora datorren. Zonaldera etortzea da garrantzitsuena. Normala da administrazio publikotik bestelako interesak egotea, baina gu eragile neutrala izango gara, pertsona eta enpresei bideratutakoa. 

"Niri berdin zait enpresa bat Laudio, Amurrio, Arespalditzara edo Okondora datorren. Zonaldera etortzea da garrantzitsuena"

Lanean Aiaraldean aurkezteko eginiko ekitaldian Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak aipatu zuen paktu bat behar dela “Aiaraldearen lehiakortasunaren alde”. Gauza asko ulertu daitezke horrekin: kostu laboralak jaitsi behar direla, eskualdean dagoen “giro gatazkatsua” gainditu behar dela… nola ikusten duzue zuek? Zer da benetan eskualdeak behar duena?

Ez dakit paktu bat egin behar den… alienatzen saiatu behar gara. Niretzat gauzak ez dira ez zuriak ez beltzak, grisak daude alde guztietan. Bilerak izan ditugu alderdi politiko zein sindikatuekin. Sindikatu bakarrarekin bildu gara momentuz, agenda kontuengatik ezin izan garelako besteekin hitzartu. Denok dugu arrazoia, baina parte batean. Egia, azken finean, ez dauka inork. 

Badago kontu bat nire ustez egia dena, eta hau Gorka bezala erantzungo dizut. Nire ustez hemen egon dira lan-gatazkak kanpoan ondo ikusi ez direnak, baina batzuetan agian albisteak ere nahastu egiten dira. Sindikalismoak egon behar du, eta sindikalismoak langileak babestu behar ditu, beharginek behar dituztelako baldintza duin, on edo dena delako batzuk. Baina horrek ez du esan nahi enpresariak deabru batzuk garenik. Alienatzean dago gakoa. Sindikatuetako batekin bildu ginenean pozik atera nintzen bileratik, ikusi nuelako gauzak landu daitezkeela. Uste dut sindikalismoari interesatzen zaiola enpresak existitzea, langileak egongo direlako. Eta, gustatu hala ez, enpresak geroz eta gehiago irabazi orduan eta baldintza hobeagoetan egon daitezke langileak (egon daitezke esango dut).

"Sindikalismoak egon behar du, eta sindikalismoak langileak babestu behar ditu, beharginek behar dituztelako baldintza duin, on edo dena delako batzuk. Baina horrek ez du esan nahi enpresariak deabru batzuk garenik"

Beraz, eurak eta gu paraleloan joan gaitezke. Guk jakingo bagenu praktika txar batzuk daudela saiatu ahalko ginateke langileen eskubideak errespetarazten. Baina beti saiatzen da batzuk beste batzuen aurka jartzen (eta hedabideetan hala gertatzen da). Gure asmoa kontrakoa da, eta hori izan zen sindikatuekin biltzeko izan genuen arrazoietako bat, ikustea hemen gaudela zerbait egiteko. Enpresetan pentsatzen dugu. Baina enpresak, azken finean, pertsonak gara. Nik, adibidez, nire enpresan praktiketan sartzen den azken gaztea ere ezagutzen dut, eta edozein arduraduni eskaintzen diodan errespetu berarekin tratatzen dut. Hori saltzen jarraitu behar dugu: enpresa asko direla gauzak ondo egiten dituztenak. 

Enpresa ertain eta txikietan, betiere. 

Bai. Enpresa handiak, azken finean, multinazionalak dira, eta 400 pertsona daudenean azkenean zenbaki bat bilakatzen gara. Hori ohikoa izaten da. Baina enpresa ertain eta txikietan, gehiengoa garen horietan, uste dut gutxi gorabehera errespetatu daitekeela. Horregatik uste dut bide hori jarraitu behar dela. Sindikalismoak ikustea enpresa (ertain eta txikia batez ere) babestu behar dela, langilea eta bere eskubideak errespetatuta. 

Orduan, bateragarria da lan baldintza duinen aldeko borroka eta lehiakortasuna sustatzea?

Bai. Eskubideak eskubideak dira, eta hori borrokatu behar da, baina behar den moduan. 

Beraz, lan baldintza duinen aldeko borroka oztopoa ez bada, zein da eskualdeak behar duen aldaketa?

Zenbat albiste on atera dira Aiaraldeari buruz azken urteetan? Enpresa munduari buruz hitz egiten badugu, grebak eta itxierak baino ez dira agertzen, albiste txarrak beti. Zonalde bati albiste txarrak soilik ateratzen badizkiozu enpresariak hori soilik ikusiko du, ez du beste ezer ikusiko. Uste dut eskualdearen irudia badagoela apur bat zikindua. Norbaiti Aiaraldeari buruz galdetzen badiozu Guardianen itxiera eta Tubacexeko greba aipatuko dizkizu. Zerbait gehiago? Zerbait ona enpresaren bati buruz? Ez dakite zer dagoen ere. Hortik abiatzen gara, duela hainbat urtetatik hona. 

"Norbaiti Aiaraldeari buruz galdetzen badiozu Guardianen itxiera eta Tubacexeko greba aipatuko dizkizu. Zerbait gehiago? Zerbait ona enpresaren bati buruz? Ez dakite zer dagoen ere. Hortik abiatzen gara"

Nire ustez lehentasun gehiegi eman zaio enpresa handiari, eta enpresa txikia ez da inoiz kontuan hartu. Askoz garrantzi gehiago eman zaie JEZ, Guardian, Envases, Vidrala, Tubos Reunidos eta antzekoei. Guri joan izan zaizkigu langileak esanez gehiago kobratzen zutela toki horietan, baina hori merkatuaren lehiakortasuna da. Baina pisu gehiegi eman zaie eta horietako batek zeozer esaten duenean Jaurlaritza zein Foru Aldundia eurengana doaz. Baina txikiak ere hor gaude, eta uste dut apur bat ahaztuta izan gaituztela.

Hori da federazioa sortzearen atzean dagoen arrazoia: hemen gaude, denak batuta pisua izan dezakegu eta, gainera, arriskua dibertsifikatzen dugu. Enpresa txiki batek ixten badu bost langilek galtzen dute lana. Albiste txarra izaten jarraitzen du, baina neurrikoa. Tubos Reunidos eta Tubacex joango balira, aldiz, zonaldeak duen laneratze gaitasunaren erdia galduko litzateke. Horregatik uste dut garrantzitsua dela enpresa ertainak ekartzea askoz jota, erakargarriak izango direnak eta balioa sortu dezaketenak, arriskua dibertsifikatzen duzulako.

Horretarako da federazioa, enpresa txikia ordezkatzeko, alboan handiak izanda. Hori da gure asmoa. Baina ez dugu bizirauteko baldintzak soilik bermatu nahi. Mugitzen ez bazara hilik zaude, hori hala da. Bizitzak gaur egun duen erritmoarekin bi egunetan jaten gaituzte. Horregatik, federaziotik enpresak bultzatu nahi ditugu gauzak egitera. Uste dut hori oso garrantzitsua dela eta hori izango da gure filosofia. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide