"Lagun batzuk esan ziguten hau Nepalen antzekoa zela, eta probatzea erabaki genuen"

Txabi Alvarado Bañares 2025eko martxoaren 24a

Ishu Prasai eta Kamala Baral Laudioko Lamuza parkean, euren semearekin. / Aiaraldea.eus

KAMALA BARAL (Nepal, 1980) eta ISHU PRASAIk (Nepal, 1984) duela ia 15 urte iritsi ziren Euskal Herrira. Urteak daramatzate Laudion lanean, baina duela lau urte joan ziren herrira bizitzera, euren semea jaio zenean. Baralek erantzun ditu elkarrizketako galderak. Non-Resident Nepali Association erakundeko EAEko presidentea izan da hainbat urtez, eta gaur egun Espainiako elkarteko presidenteordea da.

Nepalekoak zarete. Nongoak zehazki?

Zonalde berdinekoak gara, baina herri ezberdinetakoak. Ishu Biratnagarrekoa da, Nepaleko bigarren hiririk handiena. Ni apur bat urrunagoa naiz, barruti bereko herri batekoa, Urlabari izeneko. Ordubeteko bidaia egin behar da autoz bertara iristeko. 

Noiz etorri zineten Euskal Herria bizitzera?

2010ko azaroan. Bost urtez egon ginen Israelen bizitzen, eta gero hona etorri ginen zuzenean. 

Zergatik erabaki zenuten hona etortzea?

Ez genekien hona etorriko ginenik. Lagun batzuk esan ziguten hemengo klima Nepalekoaren antzekoa zela. Bizitza bilatzen eta mundua begiratzen erabaki genuen etortzea (barreak). 

Eta zergatik erabaki zenuten Nepaletik joatea?

Oso gazteak ginenean iritsi ginen Israelera. Gure herrialdetik kanpo mundua nolakoa zen ikusi nahi genuen. Nepalen ni irakasle gisa egiten nuen lan haur txikiekin, Ishuk ere bazuen lana, eta ondo geunden. Hizkuntza ikastaro batean ezagutu ginen. Hilabete igaro genuen bertan eta hor erabaki genuen atzerrira joatea. 2006an izan zen hori. 

Europara etorri nahi genuen, baina ez genekien nora. Lagun batzuk esan ziguten hau Nepalen antzekoa zela, eta probatzea erabaki genuen, eta orduz geroztik ez gara mugitu. Ez dakigu etorkizunean beste toki batera joango garen, baina momentuz ez. 

Ezberdintasun asko daude hemengo bizimoduaren eta Nepalen zenutenaren artean?

Bada ezberdina, baina ez zitzaigun asko kostatu moldatzea. 

Zerk deitu zintuen arreta gehien?

Hasieran dena zen berria guretzat, eta ez genuen zerekin alderatu. Hemen jendea beste toki batzuetakoa baino irekiagoa da, eta klima ere gustuko dut. Ez genituen aukera asko, eta hona etortzea erabaki genuen. 

Erlijioarekiko harremana bada ezberdina. Israelen, adibidez, oso harroak dira euren erlijioarekiko. Hemen badaude erlijioak, baina ez dira horren sutsuki defendatzen. Gu ere erlijio baten arabera hazi ginen, baina guztiak errespetatzen ditut eta guztiez jakin nahi dut.  

Pisu handia du erlijioak Nepalen?

Ez horrenbeste, antzina gehiago. Gazteek, aldiz, nahi dutena egiten dute, ez gaituzte derrigortzen. Belaunaldiz belaunaldi leunduz doa presentzia.  

15 urte daramatzazue dagoeneko Euskal Herrian bizitzen. Nolakoak izan dira urte hauek?

Hasiera zaila izan zen. Ez genekien hemengo hizkuntza. Ingeles apur bat genekien, eta horrekin moldatu ginen. Hasieran ere ezin genuen lanik egin, eta hizkuntza jakin gabe are gutxiago. Urte eta erdiren ostean hasi nintzen Laudion lan egiten, eta hemen jarraitzen dut oraindik gaur egun. 

Etxeko langile moduan aritu zinen lanean. 

Haur batzuk zaintzen hasi nintzen, ingelesa zekien norbait bilatzen zutelako. Bertan hasi nintzen lanean, eta Ishu batu zen gero, familia bereko pertsona nagusi bat zaintzen. Ordurako jada bagenituen paperak, eta bizitza erraztu zigun horrek. 

Horrez gain, Laudioko taberna batean ere aritu naiz lau urtez lanean, sukaldari moduan. Kostatu zitzaidan sukaldera egokitzea, baina moldatu nintzen. Nik ez dut inoiz izan arazorik lanean. Nagusi onak topatu ditut beti. 

Haur eta nagusiak zaintzen lan egitea, aldiz, oso zaila da buruan duzun gauza bakarra dirua lortzea bada. Baina zure familia moduan hartzen baduzu errazagoa da. 

Lotura emozional bat behar duzu, beraz.

Hori da. Oraindik dut harremana bere garaian zaintzen nituen haurrekin. Inoiz ez nuen haserrealdirik izan eurekin. Nire semeak izango balira bezala hartzen nituen. Asko gustatzen zaizkit haurrak. Errazagoa da gurasoek zugan konfiantza jartzen eta haurrak zure modura zaintzen uzten badizute. Egiten dudan janaria ere gustoko dute.

Kostatu zitzaizuen paperak lortzea?

Ez. Lan egin dugun etxeko kideek lagundu digute eta horrek asko erraztu dizkigu gauzak. Familia hori gure familia bilakatu da orain. 

Eta etxebizitza?

Hasieran bai kostatu zitzaigun etxebizitza topatzea, lagun batzuk lagundu ziguten. Pisua partekatu genuen beste pertsona batzuekin. Hiruzpalau hilabeteren ostean pisu bat lortu genuen, garestia zen arren. Baina behin hemen lanean hasita dena normal, ez zitzaigun kostatu paperak lortzea, laguntza izan genuelako. 
Lau urte daramatzagu Laudion, gure haurrak lau hilabete zituela etorri ginen hona bizitzera. 

Jarraitzen duzue harremana izaten Nepaleko lagun eta senideekin?

Bai, oporretan goaz bertara. Iaz hilabete igaro genuen bertan. 

Ezberdintasun asko dago Nepaleko hiri eta herrien arteko bizimoduan?

Ez da oso handia. Gu herritik hirira joan behar genuen gauzak egitera, hemendik Gasteizera goazen bezala. Hiri bat da: zarata gehiago, mugimendu gehiago... lasaitasun gehiago dago herrian. Hori da ezberdintasuna, baina bizimodua antzekoa da bi tokietan. 

"Non-Resident Nepali Association erakundeko Espainiako presidenteordea naiz. Erreferentziazko tokia izan nahi dugu gure aberrikidentzat"

Non-Resident Nepali Association erakundeko Espainiako presidenteordea zara. Zein da elkarte horren jarduna?

70 herrialdetan dago elkartea erregistratuta. Ni EAEko presidentea izan naiz eta Espainiako elkarteko lehendakariordea naiz orain. Bartzelonan dugu egoitza. 

Legeak aldatzen direnean abokatuekin egiten dugu lan. Itzulpegintza lanak ere egiten ditugu, eta norbait hiltzen bada diru bilketak eta kudeaketa lanak egiten ditugu gorpua aberriratzeko. Nepalen zeozer gertatzen denean ere diru bilketak egiten ditugu laguntzeko. 

Erreferentziazko tokia izan nahi dugu gure aberrikideak informatu daitezen. Gu hona etorri ginenean ez zegoen horrelakorik. Ahal dugun horretan laguntzen dugu: medikura joan, errolda egin eta abar.

2015an sortu zen elkartea EAEn. Lehen bi urteetan kidea izan nintzen, hurrengo bi urteetan idazkaria, eta 2019tik 2021ra presidentea. Gero kargua utzi nuen, haurra jaio berri zegoelako; eta orain Espainiako elkarteko presidenteordea naiz. 

Zeozer gertatzen denean jarduten dugu. Pertsona bat hiltzen bada, adibidez, gobernuak ez du ezer egiten, guk egin behar dugu: dirua bildu gorpua erraustu edo Nepalera bidaltzeko. EAEn bi aldiz kudeatu behar izan ditugu horrelakoak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide