Arrazismoaren kontrako futbito txapelketa egingo dute martxoaren 21ean Laudion

Aitor Aspuru Saez 2025ko mar. 12a, 07:00

Bilbon ere egiten dute urtero arrazakeriaren kontrako futbito txapelketa. / Sare Antifaxista

Jatorri anitzeko kuadrillek jokatzea eta elkar ezagutzea izango da txapelketaren helburua.

Martxoaren 21ean izango da Arrazismoaren Kontrako Nazioarteko Eguna eta Laudioko Udaleko kale hezitzaile zerbitzuak aukera baliatu nahi du jatorri anitzeko kuadrillak harremanetan jartzeko futbito txapelketaren bidez.

Berez, xedea ez da lehiakortasuna sustatzea, kirolaren aldeko eta arrazismoaren kontrako mezua zabaltzea baizik. Izan ere, gizartean zabaldutako eta errotutako arazoa da arrazakeria, baita gazteen artean ere.

Horregatik, hain zuzen, kale hezitzaileek aukera baliatu nahi dute ikustarazteko Lamuza parkean (eta herrian, oro har) jatorri anitzeko kuadrillak ari direla futbitoan jokatzen, euren arteko partidak antolatzeko eta elkar ezagutza errazteko. "Gazte ugarik jokatzen dute, baina kuadrillak ez dira nahasten", adierazi dute kale hezitzaileek.

Kale kirola

"Arrazakeriaren Kontrako Mundialito" gisa izendatu dute egitasmoa eta kale izaera izango du, futbitoak bezala. Ez da epailerik egongo eta gazteek eurek izango dute arauak betetzeko ardura. Ez da egongo saririk irabazleentzat, baina guztien artean mokadua partekatzeko aukera izango dute iluntzean.

Partidak 17:00etan hasiko dira Lamuza Parkeko futbito zelaian eta interesdunek 622 679 889 telefono zenbakira dei dezakete izena emateko. Instagram bitartez ere egin daiteke, @laudio_kalehezitzaileak kontura mezu zuzena idatzita.

Laudioko Udaleko kale heziketa zerbitzuak herriko gazte kuadrilla guztiei luzatu die gonbita izena emateko eta arratsalde dibertigarria igarotzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide