Laudioko Solastiar eta Avillo emakume elkarteek 30 urte bete dituzte, eta urteetako ibilbidea ospatu eta goratzeko dokumentala eta liburua ekoitzi dituzte hurrenez hurren. Zu izan zara proiektu bien atzean egon den pertsona. Nolakoak izan dira memoria prozesu biak?
Urteak daramatzat, bost gutxienez, gobernantza feministarekin erlazionatutako lanak garatzen. Lan orok, logikoa den moduan, emakumeekin du erlazioa, baina baita memoriarekin ere. Lehenengo urtean gogoan dut dokumental txiki bat eta liburu bat egin geuela Laudioko emakumeen memoria kolektiboaren inguruan.
Estibaliz Ibarrola teknikariaren deia jaso nuen iaz, Solastiarrek eta Avillok 30 urte betetzen zituztela eta zerbait berezia egin nahi zutela esanez. Bi elkarteekin batzartu nintzen, eta bataren eta bestearen nondik norakoak ezagutu ostean bi proiektu aurkeztu nituen. Solastiarrek jadanik bazuen liburu bat, eta uste nuen liburu horri arima eta kolorea falta zitzaizkiola; horregatik proposatu nuen dokumentala egitea. Avillo elkartearekin, ordea, elkartearen egoera ikusirik, eta laster jardunari etengo ziotela sumatuta, pentsatu nuen liburu batek jaso behar zuela elkartearen ahalik eta informazio eta testigantza gehien.
Udalak begi onez ikusi zituen bi proiektuak eta ekainean hasi nintzen hauetan buru-belarri lanean. Duela bi egun eskas bukatu dut guztiarekin.
“Nik mundu guztiari luzatuko nioke dokumentala ikusteko gonbita, ederrak dira emakumeen profilak, adinak eta ematen dituzten erantzunak”
Urte eta testuinguru antzekoan sortu ziren bi emakume elkarte dira Solastiar eta Avillo. Zeintzuk dira elkarte bakoitzaren ezaugarriak?
Solastiar 1994an sortutako emakume taldea da, eta, euren hitzetan, “emakumearen promozioa” da elkartearen jardunaren helburua. Nik mundu guztiari luzatuko nioke dokumentala ikusteko gonbita, oso interesgarriak dira elkarrizketatutako emakumeen profilak, adinak eta ematen dituzten erantzunak. Uste dut, eta hori izan da dokumentalaren helburuetako bat, Solastiar osatu eta osatzen duten emakumeen aniztasuna oso azpimarragarria dela. Bakoitzak oso jatorri ezberdina du. Egindako elkarrizketekin gizon eta emakumeen arteko berdintasunak haien bizitzetan nola eragin duen jakin nahi nuen.
Elkarrizketatutako emakume gehienak euren lanpostuetatik bota zituzten ezkondu zirenean. Horiek osatzen dute Solastiar elkartearen gehiengoa; aitortu gabeko etxeko lanetatik harago lan-mundura salto egin eta berriro ere gizartearen atzerakada euren gain jaso zutenak. Berrio ere etxeko-andra izatera kondenatuak izan zirenak. Kondenatu esaten dudanean, ez dut esaten etxeko lanak gutxietsi nahian (guztiz kontrakoa), baizik eta garai batean emakumea etxean isolatzeko joera sistematikoa zegoelako.
Solastiarrek, bertako kideentzat, zer suposatu dun galdetuta, erantzunak zoragarriak dira. Solastiar babeslekua izan da Laudioko hainbeste eta hainbeste emakumerentzat.
Eta Avilloren ibilbidea zein izan da?
Solastiar babesleku izan den modu berean, Avillo elkartea berebizikoa izan da Laudioko ehunka emakumerentzat. Avilloren ezaugarri nagusietako bat elkartearen konfesionaltasuna da. Kristauak dira bertan parte hartzen dutenak, Laudioko emakume alargun kristauen elkartea da, eta horrek berebiziko esanahia dauka. Ni ere asko harritu ninduen hasiera batean, baina kontuan izan behar dugu adineko emakumeek sortu zutela Avillo bere garaian, kristautasunean heziak, eta logikoa zen bezala giro horretako elkarte batean batzea erabaki zuten. Julia Gonzalezek sortu zuen elkartea 1994an, beste 50 emakume elkartuta. Heziketa kristau horrek ere eragin zuen emakume horiek elkartasun foku izugarria bilakatzea. Kanpaina askotan parte hartu zuten, modu aktiboan: Caritasekin, errefuxiatu sahararrekin… Avillok konpromiso aktiboa izan du herriko jendearekin.
“Kristauak izanda ere, ezetz esatea erabaki zuten Avilloko kideek: ez zirela beltzez jantziko eta ez zirela etxean isolatuko”
Laburbildu beharko banu, esango nuke bi helburu nagusi zituela Avillo elkarteak: emakume alargunen bakardadearen aurka borrokatzea eta alargunentzako pentsio duina aldarrikatzea. Bizi dugun gizarteak ez du sekula espazio bat bera ere sortu emakume alargunek bizitzeko espazioa izan zezaten. Avillo sortu arte, Laudioko emakume alargunen % 100 arropa beltzekin jantzi eta etxean isolatuta geratzen ziren. Avillo osatzen zuten emakumeak horren aurka errebelatu ziren. Kristauak izanda ere, ezetz esatea erabaki zuten: ez zirela beltzez jantziko eta ez zirela etxean isolatuko.
Alarguntza-pentsioen alde sutsuki aritu zirela aipatu duzu ere.
Pentsioen aldeko borrokan elkarteko presidenteek egindako lana azpimarratzekoa da, Gonzalezekin batera Mari Mendibe eta Maite Bilbao lehendakariek inplikazio izugarria izan zuten jardun horretan, bereziki Maite Bilbaok. Esango nuke Bilbao inplikatu zela gehien kausa horretan, akaso gazteagoa zelako edota gaian ezagutza handiagoa zuelako. Avillo elkarteko lehendakaria ez ezik, Euskadiko alargunen elkarteko presidentea izan zen Maite Bilbao, baita estatu osoko elkarteko presidentea ere. Ikaragarria zen jasotzen zuten pentsio miserablea, ogi-apurrekin bizi behar zuten alargun askok eta askok.
Liburuan kapitulu bat eskaini diot elkarteko zuzendaritza taldeari. Avillon militatzea gauza bat zen, eta beste bat elkartea aurrera eramatea. Izan ziren haien denboraren zati handia elkartean utzi zuten emakume askok, eta bereziki arestian aipatutako hiru lehendakariek. Hirurak zendu dira eta ezin izan ditut haien testigantzak lehenengo pertsonan jaso, baina uste dut euren alaben ekarpenari esker ondo jasoa geratzen dela haien ekarpen izugarria.
Aipamen berezia merezi du ere Avillo elkarteak lokal batetik bestera Laudion barrena egindako erromesaldia. Asko kostatu zitzaien lokal finko bat topatzea. Hori dela eta, elkarteak zituen baliabide ekonomiko urriak oso ondo kudeatu izan dituzte beti. Adibide xaloa da, baina esanguratsua: karta partidak jolasteko elkartzen zirenean bertan hartzen zuten kafea pixkat garestiago ordaintzen zuten, 30 zentimo beharrean 80; hortik ateratzen zuten diru estrarekin ordaintzen zuten, esaterako, lokaleko argindarra.
Nolakoa zen elkartearen egunerokoa?
Aipatu bezala bakardadearen aurka elkartzea izan du Avillok xede nagusia. Zentzu horretan karta jokoen bueltan batzea berebizikoa izan da elkarteko kideentzat, baita joskintza tailerrak egitea ere. Gainera, asanbladak eta ekintza kultural ugari antolatzen zituzten.
Ezin aipatu gabe utzi martxoaren 8an eta azaroaren 25ean, Solastiar edota Jakaranda elkarteekin batera, egindako ekarpena.
“Uste dut ezinbestekoa dela Judith Uriarteri aitortza egitea herriko emakumeen kontzientziak pizteko egindako lanagaitik”
Garai berdinean sortu ziren Solastiar eta Avillo elkarteak. Kasualitatea izan zen edo erantzuten zion nolabait orduko behar eta testuinguruari?
Galdetuz gero esango nuke kasualitatea izan zela bi elkarteak urte berdinean sortu izana. Baina badago bien arteko lotura hastapen haietan. Uste dut lehenik eta behin ezinbestekoa dela Judith Uriarte Aldaiturriagari aitortza egitea. Emakume horrek Kultura Herrikoiaren Zentroa sortu zuen Laudion, 1980ko hamarkadan. Judithen lana ezinbestekoa izan zen bi elkarteen aurrekarietan. Esker oneko hitzak bakarrik entzun ditut bere inguruan. Emakume gisa haien duintasuna aitortzeko txinparta piztu zuen herriko emakume askorengan.
Kultura Herrikoiaren Zentrotik igaro ziren emakumeek sortu zituzten Avillo eta Solastiar elkarteak. Julia Gonzalez berak, Avillo elkartearen sortzailea, zentro horretan parte hartu zuen, eta harreman estua izan zuen Judith Uriarterekin. Hain zuzen ere Kultura Herrikoiaren Zentrotik Gasteizko alargunen elkarte bateko ordezkaria gonbidatu zuten, eta hori izan zen, nolabait, Avillo sortzeko ernamuina.
Solastiarren kasua ere antzekoa da. Judith Uriartek Kultura Herrikoiaren Zentroa utzi zuenean emakume talde batek bertako jardunarekin aurrera jarraitzeko nahia erakutsi zuen. Bi elkarteek Kultura Herrikoiaren Zentroa dute amankomunean. Bertan egindako lanak piztu zien kontzientzia emakume askori.
“Zer da ba hori, feminismoa ez bada?”
Feministatzat dute euren burua?
Hori galdetu nien Solastiarreko kideei dokumentalean. Momentu barregarria izan zen hura. Elkarrizketatuetako batek zera esan zidan aulkian zuzen jarri ondoren; Solastiar emakumeen promoziorako elkartea zela eta hortik ez zela mugituko. Besteren bat feminismoa zalantzan jartzera iritsi zen ere. Solastiarreko kideen diskurtsoa adituz gero, ordea, argi eta garbi genero berdintasunaren aldeko postura erradikala da haiena. Zer da ba hori, feminismoa ez bada?
Nik uste urte luzez feminismoaren inguruan egon diren aurreiritzien isla baino ez da Solastiarreko kideek emandako erantzuna. Duela hamar urte feminista zinela aitortzea gauza arraroa zen. Gaur da eguna non Eusko Jaurlaritzak Martxoaren 8aren testuinguruan abiatutako kanpainak Feminista naiz esaldia duen goiburutzat.
Zer nolako eragina izan dute bi elkarte hauek herrian?
Solastiarrek oraindik ere eragin nabaria duela esango nuke. Azken 30 urteetan interes ikaragarriko hitzaldi eta tailerrak antolatu ditu, ez bakarrik emakumeentzat. Uste dut herriko gizon eta emakume askoren pentsaera aldatu duela Solastiarrek. Gainera, egindako guztia dibertimenduarekin egin dutela esango nuke; alaitasunez. Solastiarrek etorkizuna du herrian.
Avillok, aldiz, beste modu batean egin du lan herrian. Konpromiso isil eta anonimoago batetik egin dute ekarpena bertako kideek. Baina herriko sektore askok eta askok Avilloren ekarpena ezinbestekoa izan dute. Ez hori bakarrik, hirurehun kide baino gehiago izan ditu Avillok bere ibilbidean. Elkarteak bizia salbatu die bakartzera kondenatuak zeuden emakume alargun horiei guztiei. Eta inon jaso ez dudan datu bat elkarbanatuko dut zurekin: Avilloko kideen protzentai oso-oso altu bat Euskal Herritik kanpo etorriak ziren Laudiora. Emakume horiek ez zuten familia gertu alargun geratu zirenean; ezin ziren seme-alabekin Aldeaquemadara edo beste edonora bueltatu. Laudioko herriak oso eskertua egon behar du bi elkarte hauen ekarpenarekin.
Zer suposatu du zuretzako bi proiektu hauetan murgildu izana?
Lan handia izan da, baina ohorea era bai. Asko gustatu zait egindako lana. Jende zoragarria ezagutu dut, inolaz ere ezagutuko ez nuena.