Egun osoko egitarauarekin aldarrikatuko du independentzia Aiaraldeko Ernai gazte antolakundeak

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko mar. 13a, 14:30

Laudioko Herriko Plazan egingo dute herri bazkaria eta ekitaldi politikoa. / Aiaraldea.eus

"Aiaraldetik independentziara!" lemapean, egun osoko egitaraua prestatu du Ernai gazte antolakundeak larunbaterako Laudion. Ekitaldi politikoan Pablo Gorostiaga omenduko dute eskualdeko gazte independentistek.

Ernai gazte antolakundeak egun osoko egitaraua prestatu du Laudion datorren martxoaren 15erako. "Aiaraldetik independentziara!" lelopean, gazteak elkartu eta udaberrian Berriozarren ospatuko den Gazte Topagunerako motorrak berotuko dituzte.

11:00etan jaurtiko dute txupinazoa egunaren erdigunea izango den Laudioko Herriko plazatik. 12:00etan pala eta pilota partidak eskainiko dituzte Lamuza frontoian, eta eskualdeko kirolari gazteak arituko dira lehian. Partiden ostean triki-poteoak girotuko ditu herriko kaleak, eta 15:00etan herri bazkaria egingo dute plazan. Herri bazkarirako tiketak salgai daude oraindik Laudioko El Lio eta Ilargi tabernetan eta Amurrioko Txokogorrin, zortzi eurotan.

Arratsalderako ere egitarau betea prestatu dute. 16:00etatik aurrera gazte antolakundearen ibilbideari buruzko erakusketa atonduko dute Herriko plazan, eta 17:00etan herrien arteko ginkana egingo dute Lamuza parkean.

19:00etan kalejira eta ekitaldia egingo dute, Herriko plazatik abiatuta. Ekitaldian Pablo Gorostiaga omenduko dute gazte independentistek. Izan ere, martxoaren 22an 10 urte beteko dira Gorostiaga espetxetik atera zela, Herrera de la Manchako kartzelan zortzi urteko kartzela zigorra bete ostean. Egunari amaiera emateko DJ festa egingo dute Gure Aukera elkartean, 21:00etatik aurrera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide