LAB sindikatuak oharra zabaldu du gaur gogor kritikatzeko Guardian enpresaren itxiera prozesua. Alde batetik, erakundeak azpimarratu du enpresak ez duela azpiegituraren itxiera justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu enplegua erregulatzeko espedientean eta sindikatuek exijitu behar izan diotela.
Langileen ordezkarien aburuz, Guardianen jarduerak jarraituko ahalko luke arazo gabe beste proiektu batekin, bideragarria baita, baina multinazionalak aldebakartasunez erabaki du kontrakoa.
LABen iritziz, "Prozesu osoa Eusko Jaurlaritzaren begiradapean eta onespenarekin egin da, eta horrek egoera larria ekarri du: fabrikako labea itzalita dago, materiala barruan duelarik. Ez da faktore tekniko edo produktibo saihestezinen ondorio, baizik eta enpresaren estrategia kontziente baten emaitza, bere itxiera bera modu artifizialean eragiteko".
Fede txarra
Langile erakundearen aburuz, espedientearen negoziazioan agerian geratzen ari da Guardianek "fede txarrez" jokatu duela eta horren isla dela beharrezko itxieraren arrazoiak egiaztatzeko dokumentazioaren falta.
Gauzak horrela, honakoa adierazi du LABek: "Instituzioek berehala esku hartu behar dute, konponbide azkarrak eskainiz. Lehentasuna lanpostuak mantentzea eta jarduera industriala bermatzea izan behar da. Eusko Jaurlaritza ez da ari lanpostuei eusteko lanean, ezta langileekin batera bide bat zabaltzen ere. Etorkizunerako inbertsioei buruz hitz egiten da, baina horiek ez dituzte ez enplegua ezta proiektua bermatzen".
Mobilizazioa larunbatean
Sindikatuaren ustez, bidezko aldarrikapen bakarra da enpresak 171 kaleratze eragingo duen espedientea bertan behera uztea.
Horretarako, mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak: "Dei egiten dugu mobilizazioetan parte hartzen jarraitzeko, Guardianeko Enpresa Batzordeak deitutako kontzentrazio guztietan, eta SOS Aiaraldea plataformak sustatuta, datorren larunbatean, martxoaren 15ean, Gasteizen egingo den eskualdeko ekimenean".