Kultur sorkuntza Aiaraldean

Entzungai dago Piszifaktoriaren ‘Hitzaurrea’ soinu pieza, “euskarazko mundu digital oraindik urria” aberasteko

Txabi Alvarado Bañares 2025eko martxoaren 13a

Astelehenean estreinatu zuten pieza Bilboko Alondegian. / Patrizia Zubieta

Piszifaktoria Ideien Laborategiak atondu du pieza Fikzio Fabrikarekin batera, Loraldia jaialdiak emandako bekari esker. 

Urtebete igaro da Piszifaktoria Ideia Laborategiko kideek (Mikel Ayllon Corral, Irati Agirreazkuenaga Onaindia eta Igor Arzuaga Gumuziok) Loraldia jaialdiko sormen digitalaren beka irabazi zutenetik. Hitzaurrea izeneko proiektua aurkeztu zuten Fikzio Fabrikarekin batera, eta iritsi zaie urtebetean mamitutakoa erakusteko unea. 

Astelehenean estreinatu zuten pieza, Bilboko Alondegian. “Pieza” diogu, ez delako erraza Piszifaktoriako kideek prestatu dutena antzerkiaren genero jakin batean katalogatzea.

Hala ere, lan berri honek baditu Aiaraldean sortutako konpainiaren "klasikoak" bilakatu diren elementu eta ezaugarrietako batzuk: soinuarekin jolasten du, publikoak kaskoak jantzi behar ditu eta toki batetik bestera mugitu behar du istorioak aurrera egin ahala. 

Edozein unetan, edozein tokitik

“Jolas itxura duen soinu esperientzia digital bat” da sortu dutena, Mikel Ayllonen hitzetan, baina baditu berezitasunak aurretik sortu dituzten beste ekoizpen batzuekin alderatuta.

Izan ere, honako hau “banaka” egiteko esperientzia da, “norberak nahi duenean eta nahi duen lekuan egiteko diseinatua” baitago, idazle laudioarrak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez. 

Pieza entzungai dago dagoeneko horretarako berariaz prestatutako Hitzaurrea.eus atarian.

Piezan murgildu nahi duenak lau gauza baino ez ditu egin behar: etxera joan, mugikorra hartu, kaskoak jarri eta Hitzaurrea.eus atarian sartzea. Bertan ‘play’ sakatuta hasiko da istorioa, etxetik bertatik abiatuta.

“Hainbat ahotsek gidatuko dizute zure herrian barrena, etxetik hasita, kalera atera eta hainbat lekutara joango zara”, aurreratu du Ayllonek. Entzuleak berak erabakiko du zer toki bisitatu, “bi bideren artean” aukeratu beharko baitu hainbat aldiz, mugikorrean agertzen zaizkion argibideak jarraituz. 

“Etorkizunaren hitzaurre bat” plazaratu nahi izan dute Piszifaktoriako kideek. Hala ere, Ayllonen ustez, piezak gehiago hitz egiten du orainaldiaz, “orainaldian erabakitzen delako etorkizuna nolakoa izango den”. 

Protagonistaren oroitzapen batekin hasten da pieza: “bi uda” igaro dira bere ama hil zenetik, eta horrek “bakarrik” utzi du munduan. Hori dela eta, kalera atera beharko da, bizitzari ekiteko eta hainbat erabaki hartzeko, “etorkizun batera bideratuko dutena”. 

Ayllon pozik azaldu da urtebeteko lanaren ostean lortutako emaitzarekin. Bere ustez, orain arte ez da inoiz halakorik egin euskaraz, eta “beharrezkoa” zen, “euskarazko mundu digital oraindik urria aberastera” baitator Hitzaurrea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide