Asteburuan amaitu zen taldekako Arabako Xake Txapelketa eta Laudioko kluba izan da onena lehen mailan. Horri esker, hurrengo denboraldian Euskal Ligan arituko da eta elkarteak aukera baliatu du azpimarratzeko lorpen izugarria izan dela.
Hain zuzen, Laudio Xake Kirol Kluba duela hamabost urte egon zen kategoria horretan, baina egungo jokalariek ez zuten parte hartu. "Gehienok Amurrion jokatzen genuen garai horretan", azaldu du Mikel Meneses kideak.
Berez, klubeko kide gehienak laudioarrak badira ere, Amurriokoak, Urduñakoak eta Gasteizkoak ere badaude.
Lehen taldeko partaideak honako hauek dira:
- Juan Ramon Pinedo Lerma
- Imanol Segura del Frago
- Mikel Meneses Arenas
- Jorge Ortega Martinez
- Javier Fernandez Villanueva
- Ane Martin Ochoa de Retana
- Unai Vivaracho Mosquera
Bigarren taldea aldiz, honako jokalari hauekin osatuta dago:
- Erlantz Miguelez Garcia
- Beñat Hernandez Azcarate
- Mikel Guerrero Gonzalez
- Xabier Blanco Otero
- Itxasne Eguia Larrinaga
- Aimar Larrazabal Gonzalez
- Bidart Larrakoetxea Betes
- Anne Marquinez Paños
Txapelketa estua
Urtarrilan hasi zen taldekako txapelketa Araban eta zazpi jardunaldi jokatu dituzte guztira. Laudio Xake Kirol Kluba onena izan da lehen kategorian, baina lehia oso estua izan da. Laudioarrek 18,5 puntu lortu dituzte eta bigarren sailkatu direnek 17,5 eskuratu dituzte.
Lehiaketa mota horretan talde bakoitzeko lau jokalari neurtzen dira beste laurekin eta ordu eta erdi irauten du partida bakoitzak. "Erritmo geldokoak dira", argitu du Menesesek.
Dena den, klubeko kideak berak adierazi du aurtengo denboraldia ez dela horren positiboa Aiaraldean, Amurrioko kluba kategoriaz jaitsi baita.