Ruperto Urkijo musikariaren jaiotzaren 150. urteurrena ospatuko dute martxoaren 29an

Aitor Aspuru Saez 2025ko mar. 18a, 07:00

Ruperto Urkijo musikari eta antzerkigilea izan zen. / Laudioko Udala

Laudioko Udalak, Arloteak eta Ruperto Urkijo Bola Elkarteak prestatu dute egitaraua.

Ruperto Urkijo Maruri musikariak omenaldia jasoko du martxoaren 29an Laudion, oroitzeko 1875 urtean jaio zela. Ekitaldi xumea izango da. Lehenik eta behin, meza egingo dute 12:00etan Lamuza plazako parrokian, 12:30ean Arloteek bere abesti ezagunenak kantatuko dituzte eta kantu-kalejiran arituko dira 13:15etik 14:00ak arte.

Horrez gain, Ruperto Urkijo Bola Elkarteak jaurtiketak egingo ditu egun osoan bolatokian.

Laudioko musikaria

Lamuza plazan estatua duen sortzailea 1875eko martxoaren 27an jaio zen Goienuriko Ibarra baserrian. Sei anai eta arreba bakarra izan zituen eta oso goiz hasi zen bere harremana musikarekin. Hain zuzen, bederatzi urterekin herriko parrokiako organistaren eskutik trebatu zen eta txirula jotzen ikasi zuen.

Zerbitzu militarrean Kubako Gerran borrokatu behar izan zuen Urkijok

Horri esker, erromeriaz erromeria aritu zen, baina bere ibilbidea errotik moztu zuten arotz ikasketek eta, bereziki, Kubako Gerrak. Guda horretan egon zen soldadu gisa (zerbitzu militarra betetzeko), korneta gisa. 1897an domina jaso zuen batailetan izandako protagonismoagatik. 

Gerratik itzultzean arotz lanak hartu zituen Bilbon eta Campos Antzokian ere aritu zen. 1925ean Laudiora itzuli zen bizitzera, Bizkaiko hiriburua utzita.

Garai horretan jadanik sortuta zuen bere abesti ezagunena, Lusiano y Clara, zeina Bilboko Udal Musika Bandarekin estreinatu zuen 1919an. Kanta famatuagoa bilakatu zen En el monte Gorbea izenarekin. Izan ere, mendi horretako artzain baten amodio istoria deskribatzen du. Areatzako Udalak plaka bat jarri zuen bere omenez, abestiak izandako onarpena aitortzeko.

Musikaria konposizio gehiagoren egilea izan zen, Inauteriei, zezenketei, jaiei edota Gardeari lotuta. Horrez gain, antzezlanak ere idatzi zituen.

Gerra eta espetxea

1937an, indar faxistek aurrera egiten zutela ikusita, Ruperto Urkijok Laudiotik ihes egin zuen. 1940an, guda amaituta, Laudiora itzultzen saiatu zen, baina Kataluniako mugan atxilotu eta espetxeratu zuten. Bere anaiaren esku-hartzeari esker (Miguel Urkijo alkate frankista) eta 5.000 pezetako isuna ordaindu eta gero, aske geratu zen.

1940an espetxeratu zuten, gerra zibila amaitzean etxera itzultzen ari zen bitartean

Diktadurak iraun bitartean herriko bizitza kulturala nabarmen mugatu zuten agintariek, baina 1965ean omenaldi jendetsua antolatu zioten laudioarrari, eta herritar andanak Avenida zinema bete zuten. 1970ean zendu zen Ruperto Urkijo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!