Asteburu bizia izan dute Santa Luzia Abesbatzako partaideek Madrilen. Izan ere, larunbatean San Ignacio de Loiola parrokian abestu zituzten hainbat kanta. Madrid Kantuz ekimenaren barruan izan zen, Espainiako Estatuko hiriburuko Euskal Etxeak gonbidatuta.
Abesbatzako presidentea den Jon Aspuruk adierazi du jende ugari batu zela elizan, euskal diasporakoak bereziki, eta Euskal Herriko kantez jositako emanaldia eskaini zuten horregatik.
Gastronomia, garrantzitsua
Abesbatzaren bisitak osagai oso nabarmena izan zuen, gastronomia, hain zuzen. Izan ere, laudioarrak ostiralean heldu ziren hirira eta David Lekandaren El Pimiento Verde jatetxean harrera beroa izan zuten tokiko enpresariaren eskutik.
Berez, Lekanda Madrilgo ostalaritzan aritzen den enpresari laudioar arrakastatsua da eta dozena erdi establezimendu baino gehiago ditu hiriburuko leku famatuetan (El Pimiento Verde Salamanca auzoan dago, esaterako).
Laudioarra San Roke Kofradiako kidea da eta horren isla dira bere jatetxean jartzen dituen pitxer txikiak.
Larunbatean, aldiz, Euskal Etxean bertan afaldu zuten eta abestiekin girotu zuten otordua.
Argazkiak: Santa Luzia Abesbatza