Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Batzordea batu da gaur eta Aiaraldea izan da bileraren ardatza. Izan ere, PPk eta EH Bilduk Mikel Jauregi sailburuari galdetu diote zer inbertsio egin dituen Jaurlaritzak Eskualderako Berehalako jarduera planaren barruan.
Galdera horiei erantzun badie ere, Jauregiren hitzartzeak titularra utzi du Guardian enpresari dagokionez, sailburuak adierazi baitu Eusko Jaurlaritza prest dagoela lantegiaren erosketan parte hartzeko "industria proiektu sendoa eta etorkizunekoa" bada.
Bilerak aste honetan
Horretarako, Jauregik aurreratu du bilerak egingo dituztela aste honetan balizko inbertsoreekin, euren asmoak ezagutzeko.
Aintzat hartuta Guardian Llodioko jarduera ekonomikoaren ordezkoa hartuko lukeen enpresak erosketa oso garrantzitsua egin beharko lukeela, Sailburuak aipatu du Jaurlaritzak prestutasuna duela operazioan parte hartzeko eta inbertitzeko.
Kasu horretan, Eskualderako Berehalako jarduera planean jasotako aurrekontua gaindituko litzateke. Hori bai, Jauregik ez du diru kopuru zehatzik planteatu eta ez du izenik eman PPko ordezkariak inbertsoreei buruz galdetu duenean, diskrezioa beharrezkoa dela argudiatuta.
Kaleratzeak aurrera doaz
Batzordea egiten ari ziren bitartean, Guardian enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek 171 kaleratzeen enplegu espedientea lantzeko bilera izan dute gaur goizean.
Batzarrak ez du emaitza positiborik izan. Berez, enpresak soilik erakutsi du interesa duela aste batzuk egindako eskaintza ekonomikoan. Sindikatuetako kideek erantzun diete lehentasun garrantzitsuagoak daudela orain eta, gainera, iraingarria iruditu zitzaiela eskaintza hori.
Horren ostean, Guardianek proposatu du berriro biltzea ostiralean, apirilaren 3an amaituko baita kontsulta epea.
Langileak Eusko Legebiltzarrean
Multinazionalarekin batzartu ondoren, langileen ordezkariek Eusko Legebiltzarrera jo dute eta talde politikoekin elkartu dira.
Aiaraldea Komunikabideak galdetuta, sindikatuetako kide batek erantzun du EAJko taldeak ez diela azalpen berezi edo zehatzik eman sailburuaren adierazpenen inguruan; alegia, soilik berretsi dietela Eusko Jaurlaritza prest dagoela lantegia erosteko dirua jartzeko.