Laudiok prest du Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriaren aurrerakina. Horrela jakinarazi dute Ainize Gastaka alkateak eta Taper Arkitektura enpresa erredaktoreko Unai Gomez eta Jon Ander Azpiazu arkitektoek gaur goizean eginiko prentsaurrekoan. Gastakak argi utzi du, ordea, aurkeztutakoa lehen zirriborroa baino ez dela, eta orain “eztabaidatu, aztertu eta garatu” behar dela, “gure herriaren etorkizuna definituko duen adostasun zabaleneko irtenbidea lortzeko".
Herritarrek apirilaren 1ean ezagutu ahalko dituzte lehen proposamenaren nondik norakoak, Kultur Etxeko Arraño gelan 18:30ean egingo den saio irekian. Hala ere, hainbat gako aurreratu dituzte dagoeneko. Esaterako, proposamenaren ardatzetako bat Laudio konektatuta eta kohesionatuta mantentzea da. Hori dela eta, hainbat neurri planteatzen dira herrigunerako eta auzoetarako sarbideak hobetzeko, bai eta garraio publikoaren azpiegitura hobetzeko ere. Era berean, Jon Ander Azpiazu arkitektoak argi utzi du lehentasunetako bat lurzoru urbanizaezina zaintzea izango dela.
Bide horretan, berdeguneak indartzeko asmoa dagoela ere azaldu dute. Industriaguneei dagokienez, aldiz, horiek modernizatzeko apustua egin nahi dute, Laudioko industria-eremuak “ekoizpen-eredu berrietara” egokitzeko.
Etxebizitzari lotutako proposamenak dira, ohikoan, herritarren artean ikusmira handiena sortzen duten horiek. Aurrerakin honek bizitegi-proiektu berriak gauzatu ahal izateko lurzoru publikoa eskuragarri dagoela nabarmentzen du, eta zehazki "862 etxebizitza” berri proposatzen ditu planaren zirriborroak, Azpiazuk azaldu duenaren arabera.
Saio irekia apirilaren 1ean
Taper Arkitektura eta Territorio y Ciudad enpresa erredaktoreek planaren aurrerakina herritarrei aurkeztuko diete apirilaren 1ean, Kultur Etxeko Arraño gelan 18:30ean. Hitzordu horretaz gain, bi tailer osagarri antolatu dituzte apirilaren 8 eta 9rako. Halaber, HAPOaren lehen proposamen honen planoak ikusgai egongo dira Kultura Etxeko Lamuza erakusketa gelan, harrezkeroztik eta ekainaren 20ra arte.
Proposamen berriak auzoz auzo
- Areta: Nerbioi ibaia baliatuz, Areta aisialdirako gune bihurtzea, eta erdigunearekiko lotura hobetzea; industria-gune zaharkituak birmoldatzea (Bide Zaharrak eta Lipmesa); eta geltokiaren inguruko sarbideak hobetzea.
- Gardea: Landa-nortasuna indartzea, nekazaritza eta abeltzaintzako lurzoruak babestuz; kirol-instalazioak handitzea; isuasio-aparkaleku berri bat sortzea; Tejeria eremuan eraberritzeko neurriak hartzea eta Santa Cruz auzoa hiri-lurzoruaren barruan sartzea.
- Arraño: Oinezkoen eta ibilgailuen irisgarritasuna hobetzea, esku-hartzerik handiena Zumalakarregi etorbidean eginda; eta bizitegi-eremu eta aparkaleku publiko berri bat sortzea.
- Erdigunea: Hiri-lurzoruaren sailkapena berregokitzea, espazio zaharkituak eraldatuz (Bitorika, Karmen, Udaletxea eta Gurutze Gorriaren inguruan); Lamuza parkea "kultura sortzaileen parke" bilakatzea; eta trafikoa baretzeko neurriak hartzea, bidegorriak, oinezkoentzako ibilbideak eta garraio publikoa indartuz.
- Landa-eremua: Lurzoru urbanizaezina zaindu eta baserriak birgaitzeko neurriak hartzea; eta Arraño mendian espazio libreen sistema orokorraren kalifikazioa kentzea.
- Ugarte: Trafiko astuna murrizteko saihesbide berria erabiltzea; Lamuza parkearen bidez erdigunearekiko lotura hobetzea; Dorretxea ekipamendu gisa birkalifikatzea; eta Goienuri-Ellakuri parke berria sortzea.
- Latiorro: Erdigunearekiko lotura indartzea, dauden pasabideak hobetuz (Goikoplazakoa eta trenbide azpikoa); Galmaka berriro urbanizatzea; Jesus Guridi eraberritzea; Larrako lurzoru urbanizagarria antolatzea eta Peregaña-Lateorrondon 32 zuzkidura-bizitoki izango dituen eraikin bat eraikitzea.
- Landaluze-Larrazabal: Hiri-lurzoruaren sailkapena egokitzea; hiri-baratzeen berezitasuna aitortzea; Larraño kaleko irisgarritasuna hobetzea eta lurzorua etorkizuneko bizitegi-proiektu baterako gordetzea.