Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak eta Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak inauguratu dute gaur Lamuza Parkeko eraikin eraberritua. Lau urtez luzatu dira obrak eta Aldundiak 5,5 miloi euro inbertitu ditu bertan.
Lanek ez dute soilik eragin alde estetikoan, eta Lamuza Parkeko Jauregia izandakoa lotu dute alderik alde korridore luze batekin.
Horrez gain, eraikina irisgarri bilakatu dute (pasabide berriak irekita edota igogailua instalatuta) eta komunak ere biderkatu dituzte.
Prozesuan saiatu dira jatorrizko ahalik eta elementu gehien babesten eta zurezko eskailerak eta burdina, forjatuzko barandak, estaldura zeramikoak, tximiniak eta ate batzuk mantendu dituzte.
Aldundiak honakoa gehitu du: "Laudioarrek Kristalen Aretoaz ere gozatu ahal izango dute bere osotasunean, harreretarako, aurkezpenetarako, erakusketetarako eta beste hainbat gauzatarako espazio berezi eta erakargarri gisa eta taberna-kafetegi izango den espazio berri baten batez".
Laudioko Udalaren esku
Foru Aldundiko ordezkariekin batera, ez dira falta izan tokikoak. Ainize Gastaka Laudioko alkatea edo Iñigo Pinedo Aiaraldeko Kuadrillako presidentea, besteak beste.
Izan ere, Arabako Foru Aldundiak gogoratu du eraikina bere jabegoa bada ere, berriro lagatuko diola Udalari erabilera, hitzarmen bidez.
Bisitak apirilaren 30era arte
Eraikina guztiz prest egon arte, herritarrek aukera izango dute bihartik aurrera bisitatzeko. Bisita ordutegia hau izango da: 17:00etatik 20:00etara, asteartetik ostiralera; eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, larunbat, igande eta jaiegunetan, aldez aurretik erreserbatuta Laudioko Turismo Bulegoaren 944 034 930 telefonoan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!