BBC Classical irratiko Breakfast saioak aurkeztu zuen atzo Antonio Oyarzabalen azken lana. Berez, maiatzaren 25ean Chandos disketxeak plazaratuko duen CDa ez da soilik laudioarraren proiektua izango, zenbait musikariren lan bateratua baizik.
Horrela, Nicholas Danielek oboea, Adam Walkerek txirula, Amy Harmanek fagota eta Antonio Oyarzabalek berak pianoa jo dute Madeleine Dringen konposizioak grabatzeko.
Madeleine Winefride Isabelle Dring konpositorea, antzezlea eta abeslaria izan zen eta antzerkian, telebistan eta irratian lan egin zuen. 1923ean jaioa, 1977an hil zen eta XXI. mendean hasi dira bere lanak aldarrikatzen eta berreskuratzen.
Antonio Oyarzabalen azken diskoa horren adibidea da. Aipatu beharra dago bere kideen artean Nicholas Daniel dagoela. Oboean aditua, 2011n jaso zuen Erreginaren Musika Domina eta Officer of the Most Excellent Order of the British Empire izendatu zuten 2020an.
Laudioarrari dagokionez, Ingalaterran eta Irlandan jo du berriki eta apirilaren 27an Granadako Manuel de Falla Audiotorioan arituko da bakarlari gisa.