Astelehenean hegaldia izan ostean, atzokoa izan zen Laudio Institutuko ikasleek Finlandian osorik igaro duten lehen eguna. Goiz osoa Saaren Koulu eskolan egon ziren eta hasteko, ongi etorri bideoa ikusi zuten. Gero jolasak egin zituzten euren artean hobeto ezagutzeko eta ondoren ikastetxea eta Finlandiako hezkuntza sistema bertatik bertara ikusteko bisitaren ordua heldu zen.
Izan ere, duela hiru urte eraiki zuten irakasleen beharrak eta iradokizunak kontuan izanda eta, ondorioz, espazio zabalak, argitsuak eta malguak dira nagusi. 300 ikasle inguruk espazioak partekatzen dituzte, baina isiltasuna eta lasaitasuna edonon sentitzen dira, azaldu dutenez.
Hango kulturan eta ohituretan murgilduta, 11:00etan bazkaldu zuten eta gero sukaldaritza finlandiar tradizionalari buruzko tailerra egin zuten. Karelian pastelak prestatu eta dastatu zituzten.
Arratsaldean, aldiz, aiaraldearrak familia baten etxera joan ziren picnic-a antolatu zietelako.
Argazkiak: Laudio Institutua