Laudioko Udalak zabaldu du herritarrek eurek salatu dutela etxez etxeko baimenik gabeko salmentak gertatzen ari direla. Zehazki, koltxoiak eta bestelako produktuak gehiegizko prezioan saltzen ari direla ziutatu du.
Alarma-abisuen bitartez izan da jakitun tokiko erakundea eta aipatu du debekatuta dagoela aldez aurreko baimenik gabe etxez etxeko salmenta egitea.
Hori dela eta, Udalak dei egin die adinekoen kolektiboari eta haien familia- eta komunitate-inguruneari neurriak har ditzaten praktika horren kontra.
Hain zuzen, Kontsumobideren aholkuak jaso ditu erakundeak: "gonbidatu ez dugunari atea ez irekitzea edo, bestela, haren identifikazioa eskatzea, inoiz ez sinatzea edo ezer ordaintzea, saltzailea beste bisita batera gonbidatzea, informazio guztia gordetzea eta, edozein zalantza edo susmo izanez gero, Kontsumobiden edo KIUBen erreklamazio edo salaketa aurkeztea, eta, beharrezkoa bada, Ertzaintzara edo udaltzaingora ere jotzea".