Martxoko Udal Osoko Bilkuran EH Bilduk izandako jarrera salatu du EAJk, gobernu taldeak “hipokresia eta autoritarismoa” erakutsi zituela argudiatuta. Hala azaldu du Ander Añibarrok: "Adostasunaz, elkarlanaz, parte-hartzeaz... hitz egiten digute, baina egia esateko, beren irizpidea inposatu, oposizioari muzin egin eta beraiek bezala pentsatzen ez dutenak gutxietsi besterik ez dute egiten".
Zinegotzi jeltzalearen ustez, EH Bilduren udal gobernuko kideek “interesatzen zaienean” bakarrik hartzen dute parte, eta “harrokeriara, deskalifikaziora eta gezurrera” jotzen dute “norbaitek zalantzan jartzen dituenean”.
Horren bi adibide jarri dituzte. Alde batetik, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren batzar eta tailerrekin aurrera jarraitzea deitoratu dute jeltzaleek, ez direlako “osoko bilkuran planteatutako eta onartutako eskaerak aintzat hartu”.
Bestetik, udaleko langileei erakutsitako “mespretxua” salatu du EAJk, nabarmenduz Iñigo Martinez Cerrilo zinegotziak esan zuela beharginak “gatazkan eroso” sentitzen direla.
Arazoa harago duela uste dute jeltzaleek, EH Bilduk herritarrak ere aintzat hartzen ez dituela salatuta. “Ez dute entzuten, ez dute erantzuten eta, argitasuna eskatzen zaienean, prepotentziara jotzen dute", nabarmendu du Añibarrok.
Horren aurrean, jeltzaleek aipatu dute ez diotela EH Bilduri “parte-hartzearen eta gertutasunaren irudi faltsua” saltzen utziko. “Bere autoritarismoa salatzen jarraituko dugu eta laudioar guztiekiko udal irekia eta konprometitua eskatzen. Hau da, EAJ-PNV eredua, gure alkatetzetan erakutsi dugun bezala”.