BEGO RIOS JIMENEZ

“25 urte hauetan ezagututako jendearekin geratzen naiz, Bilbon ez zaizu halakorik gertatzen”

Txabi Alvarado Bañares 2025ko api. 9a, 14:04

25 urte igaro ditu Bego Rios Jimenezek Cositas dendan. / Aiaraldea.eus

Ateak itxi ditu Laudioko Cositas dendak, 25 urteren ostean, BEGO RIOS JIMENEZ (Bilbo, 1958) jabea jubilatu egingo delako. Negozioa eskuz aldatzeko saiakera egin du, baina ez du lortzerik izan, bere hitzetan, “bakuak ez daudelako jendea laguntzeko prest”.

Jubilatu egingo zara eta Cositas denda itxiko duzu, negozioa beste norbaiti pasatzen saiatu zaren arren. 

Ez da egon modurik. Bankuak ez daude jendea laguntzeko prest. Heldulekurik baldin baduzu dirua emango dizute, baina bestela ez. ‘Neskalagun’ asko izan ditut, eta azkenekoarekin bazirudien dena zegoela bideratuta, Gaztenpresatik ere baiezkoa eman ziotelako. Baina bankura iritsi zenean dena amaitu zen. Badaude 20 urte ile-apaintzaile gisa lan egin duten pertsonak, produktua ezagutzen dutenak, baina ez dute ezta heldulekurik, eta gurasoek ere ez zuten abal moduan egon nahi. 

Jendeak beldurra dio autonomoa izateari. Nik 25 urte daramatzat honetan, iragan martxoaren 21ean bete zen mende laurden denda inauguratu nuenetik. Lanpostu finkoa nuen Bilboko enpresa batean, sektore berdinean. Betidanik izan naiz ile-apaintzailea, baina salmentan zentratu naiz batez ere, hori delako gustatzen zaidala: jendearekin egon eta hitz egitea. 
Hasieran enpresaren ordezkaria nintzen eta gero nire nagusiak esan zidan dendan finko geratzeko, harik eta duela 25 urte kableak gurutzatu eta nire kabuz aritzera pasa nintzen arte. 

"Lanpostu finkoa nuen Bilboko enpresa batean, sektore berdinean (...) harik eta duela 25 urte kableak gurutzatu eta nire kabuz aritzera pasa nintzen arte"

Bilbokoa izanda, zergatik aukeratu zenuen Laudio denda jartzeko?

Behin nire nagusiak denda bat inauguratu zuen Santutxun, eta bertan saltzaile batek esan zidan arraroa egiten zitzaiola Laudion beste bat jarri ez izana. Nik ez nuen herria ezagutzen, bisitatu nuen bakarra futbol zelaia zen, nire semeak bertan jokatzen zuelako batzuetan. 

Saltzaile horrek esan zidan horrelako denda bat behar zela hemen, herri nahiko handia zelako. Horretan geratu zen gauza. Handik bizpahiru urtera gurutzatu zitzaidan kablea. Ikusten nuen nire nagusiaren semeak dendan sartzen hasiak zirela, eta handik gutxira soberan egongo nintzela. Horregatik jarri nuen denda, 42 urte nituela. 

Aldaketa handia izan zen?

Ez, gauza bera egiten jarraitu nuelako, baina autonomo moduan eta beste toki batean. 

Kostatu zitzaizun tokia egitea?

Ez, berehala egin nuen. Harrera ona izan nuen jendearen partetik, oso pozik nengoen. Gainera, une horretan bazeuden horrenbeste banku eta horrenbeste bitxi-denda herrian, pentsatzen nuela: herri hau… (barreak). Gainera, ez dago mota honetako beste dendarik inguruetan. Urduñako, Luiaondoko, Amurrioko, Izoriako edota Arespalditzako jendea dator hona, eta baita Arrigorriagakoa ere, Bilbo hurbilago duten arren. 

Asko aldatu da negozioa 25 urte hauetan?

Laudioko merkataritza posiblea da asko aldatu izana, bai. Niri pena handia ematen dit kaleetatik noanean eta dendak hutsik ikusten ditudanean, edo “Hemen zure negozioa egon daiteke” dioten pegatinekin. Baina nire kasuan denda %100ean funtzionatzen uzten dut. 

"Ni hasi nintzenean nire etxea hipotekatu behar izan nuen, baina ez zidaten inolako oztoporik jarri nik banuelako etxe bat (barreak). Jende guztiari betetzen zaio ahoa esanez ez dagoela ekintzailerik. Ez, barkatu, laguntzak dira falta direnak"

Denda honek etorkizuna izan ahalko luke, beraz.

Noski, baina… gainera, nik ez dut traspasorik ez dirurik eskatzen altzairu eta materialengatik. Dena uzten dut doan, dauden produktuak salbu. 

Salmentak agian bai jaitsi dira apur bat. Pandemia garaian jendea asko sartu zen Interneten. Nagusiok jarraitzen dugu dendetara etortzen, hori delako gustatzen zaiguna. Gustatzen zaigu zuzenean ikustea, azalpenak jasotzea, hitz egitea… Jende gaztea, aldiz, gehiago baliatzen du Internet. Hala ere, baditut baita bazero gazte asko, gogoko dutenak produktuen gaineko azalpenak jasotzea. 

Zailagoa da horrelako negozio bat abiatzea gaur egun duela 25 urte baino?

Ez dakit. Ni hasi nintzenean nire etxea hipotekatu behar izan nuen, baina ez zidaten inolako oztoporik jarri nik banuelako etxe bat (barreak). Jende guztiari betetzen zaio ahoa esanez ez dagoela ekintzailerik. Ez, barkatu, laguntzak dira falta direnak, edo seguru bat behintzat, hilabete batean ordaindu ezin baduzu… ez dakit, zerbait. 

Zer eramango zenuke etxera 25 urte hauetan dendan bizitakotik?

Jendea, noski. Hori da faltan botako dudana… hunkitu naiz hau entzutean. Iragan astean agur bat egin zidaten, oso hunkigarria. Eta jubilatzen naizela dakien jende guztia etorri da musu edo besarkada bat ematera. Oso polita da hori, horrelako gauzak ez dira Bilbo bezalako hiri handi batean gertatzen. Toki horietan jubilatzen zarenean ez zaitu inork ezagutzen, baina hemen ezberdina da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide