Vicente C.R. langileak amiantoarekin lan egin zuen Aceros de Llodion, eta horren ondorioz hil zen. Hala ebatzi du Gasteizko Lan Arloko 1. Epaitegiak, beharginaren alargunak jarritako demanda onartuz. Modu horretan, epaileak ebatzi du beharginak gaixotasun profesional bat pairatu zuela, eta horri dagozkion prestazioak emateko agindu die Espainiako Gizarte Segurantzaren Institutuari, Sidenor Aceros Especiales enpresari (Aceros de Llodioren oinordekoa dena) eta SEPIren menpeko Cofivacasa enpresari.
Asviamiek eman du epaiaren berri. Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteko kideen hitzetan, Gizarte Segurantzak uko egin zion langilearen heriotza gaixotasun profesional gisa sailkatzeari, ez zuelako frogatutzat jo amiantoarekin behar beste lan egin zuela. Jarrera bera hartu zuen Cofivacasak ere.
Sidenorrek, bere aldetik, argudiatu zuen hildako behargina ez zela Sidenorreko langilea izan, "eta erretzailea izan zela". Baina sententziak "jarrera egoskorra" izatea leporatu dio enpresari, EAEko Auzitegi Nagusiak gai horri buruzko sententzia plazaratu zuelako bere unean eta ebatzi zuelako Sidenor dela Aceros de Llodioren oinordekoa eta, ondorioz, erantzunkizuna berea dela. Horrez gain, Asviamieko kideek salatu dute Sidenor saiatu zela errua beste enpresa batzuei egozten, Vicente C.R.-k horietan ere lan egin zuela argudiatuta, "nahiz eta ez dagoen enpresa horietan amiantoarekiko esposizioa egon delako konstantziarik".
Sententziak "jarrera egoskorra" izatea leporatu dio Sidenorri, honek argudiatu zuelako behargina ez dela bere langilea izan eta erretzailea izan zela.
Gainera, Asviamieko kideek nabarmendu dute epaiak jaso egiten duela langilearen heriotzaren txosten medikua, zeinetan zehazten den behargina amiantoa arnasteagatik zendu zela eta, ondorioz, ez duela zentzurik birikietako minbizi hori tabakismoari egoztea. "Ikuspegi objektibo eta zientifiko batetik, amiantoarekiko esposizioak berebiziko garrantzia izan zuen Vicente C. R.-ren biriketako minbiziaren garapenean", nabarmendu dute elkarteko kideek.
Hogei urtez Acerosen lanean
Elkarteko kideek kontatu dutenez, hildako behargina hogei urtez egon zen enplegatuta Laudioko altzairutegian, 1963tik 1987ra, eta laminazio trenean egin zuen lan amiantoarekin “arnasbideetarako babes egokirik eta aspirazio sistemarik gabe, giroan hauts asko zegoen arren". Zehaztu dutenez, 2019an detektatu zioten birikietako minbizia, eta urte berean zendu zen.
Asviamieko kideek positiboki baloratu dute sententzia, eta Gizarte Segurantzaren jarrera "negazionista" salatu dute, nabarmenduz Osalanen fitxategietan aitortuta dauden kasuak ukatzera iritsi dela. Horri lotuta, ohartarazi dute Espainiako gaixotasun profesionalen behategian (CEPROSS) erregistratuta dauden minbizi kasuen %42,4 direla EAEkoak, eta "drama hori" ezin dela "isilarazi ezta ukatu". Horregatik, ondorioztatu dute "minbizi profesionala ezkutatzen duten estrategiek" aukera ematen dutela "enpresetan segurtasun-neurri zorrotzak hartu gabe jarraitzeko".