Laudioko Udaleko zinegotzi izateari utziko dio Aitor Fernandez de Pinedo Rodriguezek. EH Bilduk jakinarazi duenez, datorren apirilaren 29ko Udal Osoko Bilkuran aurkeztuko du dimisioa, eta Carmen Altuna Azpeitia sartuko da bere ordez. Donostiarra jaiotzez, Aretako bizilaguna da Altuna gaur egun. Osasun psikologo eta orientatzailea da lanbidez, eta bera da EH Bilduren Laudioko udal taldeko egungo koordinatzailea.
Ardura ugari izan ditu Fernandez de Pinedok udal gobernuan: kontratazioa, komunikazioa eta harreman instituzionalak, gazteria, hezkuntza, haurrak eta lankidetza eta giza eskubideak. EH Bilduk eskerrak eman nahi izan dizkio "azken bi urteetan Laudioko Udalean herritarren bizi-kalitatea eta gure herriaren etorkizuna hobetzeko egindako lanagatik".