Laudioko Udalak 2025eko aurrekontuak onartu ditu Omnia eta PSE-EErekin adostuta. Aurreratu bezala, egingo diren gastuen oinarria da onartu dena. Izan ere, inbertsioen plana eta aurrekontu kolaboratiboak onartu beharko dituzte oraindik.
Gauzak horrela, Iñigo Martinez zinegotziak "aurrekontu teknikoak" izendatu zituen, oro har, jadanik funtzionamenduan dauden proiektuekin jarraitzeko balio dutelako edo egiturazko funtzionamendua barnebiltzen dutelako.
Hamaika proiekturen bidea irekitzeko ikerketak
Horrez gain, badaude zenbait diru kopuru aurretik landutako ideien bideragarritasuna neurtzeko. Horietako zazpik 18.150 euroko ekarpena izango dute:
- Jesus Guridi kalea eraberritzeko proiektuaren erredakzioa.
- Laudioaldeko aparkalekuan frontoia eraikitzeko aurreproiektua.
- Alberto Aceroko aparkalekuen azterlana.
- Landaluzeko Gizarte Etxeko proiektua.
- Udaletxe alboko orubea birdimentsionatzeko azterlanaren erredakzioa.
- Zubiko Etxea egokitzeko proiektua.
- Gardeako Santa Kurutze zubia eraberritzeko proiektua.
Badaude beste hiru balizko proiektu zeinetara 20.000 euro bideratuko dituzten:
- Udal pisu eta lokalen erabilera sozialerako plana.
- Landaluze auzoaren berritzea.
- Skate Park berria. Aurreko legealdian zenbait bilera egin zituzten kirol azpiegitura hori lekuz aldatzeko, baina ez zen gauzatu.
Ugarteko futbito zelaia estaltzea
Halaber, Udalak 100.000 euro erreserbatu ditu Ugarteko futbito zelaian estalkia jartzeko.
Edonola ere, ez da auzoak izango duen inbertsiorik handiena, ur horniketa sarea berrituko baitute Foru Planaren bitartez. Tokiko erakundeak 801.028,30 euro baliatuko ditu horretarako.
Kiroldegia
Udal kiroldegiak bi gastu garrantzitsu izango ditu. Alde batetik, egungo galdara aldatuko dute 150.000 euroko esku-hartzearekin. Gainera, 20.000 euro erabiliko dituzte beste kiroldegi bat egiteko aukera aztertzeko.
Kirol esparrutik atera gabe, hobekuntzak egingo dituzte Ellakuriko igerilekuetan 50.000 eurorekin.
Eszenatoki kamioia
Arreta erakartzen duen beste gastu bat izango da eszenatoki-kamioiarena, zeinak 50.000 euroko beharra izango duen.
Hiru puntu ezberdinetan eragitea
Aipatzeko beste hiru esku-hartze dira Karmen kalea urbanizatzeko proiektua (100.000 euro) eta Aretako Kultura Etxeko lanak (38.000 euro).
Iaz sortutako beste eztabaida bat izan zen oinezkoentzako guneena. Momentuz, Udalak aurreikusi du 30.000 euroko inbertsioa egitea esparru horretan, ibilgailuen kontrolerako.
Aipatutako hori guztia ez ezik, nabarmendu beharra dago onartutako aurrekontuak ohiko gastuak ere biltzen dituela (ikastetxeen konponketak, argiteria, mantenua, HAPOa, liburutegirako erosketak, adinekoentzako jantokia...).