Aiaraldea Komunikabideko boluntarioa zara. Zer da zehazki egiten duzun jarduna?
Ni Aiaraldea Hemen hamabostekariak Ugarte auzoan banatzeaz arduratzen naiz. Proposamena heldu zitzaidanean gustura ondo hartu nuen hori egiteko ardura. Hemen bizi eta eragiteko modua da hau. Gainera, bada modu bat auzoko merkatari txikiak bisitatzeko, eta euskara dela medio, haiekin harremana sustatzeko.
Hamabostekaria inprentatik atera eta Faktoriara iristen denean mezua jasotzen dut. Dagokidan multzoa Faktoriatik hartu eta Ugarten barrena, Laudioko Udal Liburutegian eta Kultura Etxean banatzen ditut aleak.
Ugarte zure eremu naturala dela aipatu duzu. Era batera edo bestera jardun hau auzoan eragiteko modua ere bada.
Tresna bat da honakoa, auzotarrak elkar ezagutzeko, eta gure artean zein euskararekiko dagoen atxikimendu maila handitzeko. Guk Ugarten hainbat ekintza egiten ditugu auzo bizitza eta izaera indartzeko. Uste dut hori berebizikoa dela, eta bide horretan ekarpena egiten duen oro ongi etorria da.
Zer nolako harrera uste duzu daukala hamabostekairak auzoan?
Ona, ona. Oro har paperezko prentsak geroz eta atxikimendu gutxiago duela dirudi, baina niretzako askoz garrantzitsuagoa da paperezko euskarri horren inguruan sortzen diren harremanak.
Onartu behar dugu ere esparru hegemoniko batek inposatzen digula. Kioskoan espainola da nagusi ezbairik gabe. Nire eguneroko begirada bat eskaintze aldera; ni Berriako harpidea naiz eta kontziente naiz oso gutxi direla bertan saltzen diren Berriako aleak. Kontrara, uste dut euskaldunok gure espazioa aldarrikatu behar dugula.
Hamabost urte betetzen ditu aurten komunikabideak. Nola baloratzen duzu egindako ibilbidea, eta zer da horrelako proiektu batek eskaintzen duena?
Odola. Nik uste euskal komunitateari odola ematen diola Aiaraldea Komunikabideak. Ni komunikabideko boluntarioa izateaz gain, Fakotriako eskaintzatik ere parte hartzen dut; ekintza desberdinetan dela edo astean behin egiten den bertso-eskola dela.
Ni, euskaldun bezala, nire burua sustatu eta aldarrikatzeko bidea eskaini dit proiektuak. Euskaraz bizitzeko eta euskaldun izateko tresnak eskaini dizkit.
Zorrotzago jarrita, nola erantzun behar die proiektuak etorkizuneko erronkei?
Nik gutxi daukat esateko Aiaraldea Komunikabideari, eta proiektu orokorrari oro har. Euskaraz bizitzeko bide hortan gure eskualdean gehien egiten duen eragileetako bat da.
Ikuspegi zabalago batetik, eta herri gisa ari naiz, euskal komunitateak ikuspegi berritua behar duela uste dut. Gure burua berrasmatu eta munduan egoteko gure tokia eta modua definitu behar ditugu. Ausardia eskatu nahi diot euskal komunitateari, hori da behar duguna, jauzi ausartak ematea.
Ez dezala inork txarrera hartu, baina uste dut azken urteetan ekimen folklorikoetara mugatzen ari garela, inor ez molestazearren. Hori oso ondo egiten dugu esukaldunok, ez molestatzea (barreak). Konpromisoak eta ausardia behar ditugu, elebakarrez jokatu.
Bukatzeko nire eskerrak adierazi nahi dizkizuet egindako lanagatik.