Hiri Antolamenduko Plan Orokorra izango da hurrengo auzo batzarren ardatza

Aitor Aspuru Saez 2025eko apirilaren 22a

Laudioko Kultura Etxean ikus daiteke HAPOren aurrerakinaren erakusketa. / Laudioko Udala

Bilerak maiatzaren 6an, 7an, 13an, 14an, 20an, 21ean, 27an eta 28an izango dira, Aretan, Gardean, Arrañon, Erdigunean, Landa-eremuan, Ugarten, Latiorron eta Landaluzen. HAPOren aurrerakinak aurreikusitako eragin handienak landuko dituzte auzoz auzo.

Laudioko Udalak eta Auzo Kontseiluek maiatza hartuko dute Hiri Antolamenduko Plan Orokorra lantzeko. Izan ere, apirilaren 1ean aurkeztu zuen tokiko erakundeak dokumentuaren aurrerakina, herritarrek iradokizunak egin ditzaten.

Ekainaren 20an agortuko da epea proposamen horiek egiteko (bai egoitza elektroniko bidez zein Herritarren Arreta Zerbitzuan) eta egun horretara arte egongo da HAPOren aurrerakinaren erakusketa Kultura Etxean. 

HAPOren korapiloak auzoka

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren eragin esparrua erabakigarria da hirigintzaren aldetik, etxebizitzak, bideak edota errepideak non eta nola egin daitezkeen ezartzen baitu.

Horrek auzoz auzo izango du bere isla eta Udalak banaka jorratuko du gaia. Zehazki, maiatzaren 6an, 7an, 13an, 14an, 20an, 21ean, 27an eta 28an izango dira bilerak, Aretako, Gardeako, Arrañoko, Erdiguneko, Landa-eremuko, Ugarteko, Latiorroko eta Landaluzeko herritarrentzat, hurrenez hurren. Kokapenei dagokienez, Aretakoa tokiko Kultura Etxean egingo da, Gardeakoa Zentro Sozialean, Ugartekoa San Ignazio elizan, Latiorrokoa ikastetxean, Landaluzekoa erabilera anitzeko aretoan, eta Arrañokoa, Herrigunekoa eta Landa-eremukoa Kultura Etxeko Arraño gelan.

Eztabaidagai nagusiak

Udalak berak zabaldu du zein izango diren, bere ustez, lanketa bereziak beharko dituzten puntuak auzoka eta honako azalpen hauek zabaldu ditu HAPOren ikuspuntutik. 

Areta (Maiatzak 6)
Nerbioi ibaia funtsezko elementua da Areta eraldatzeko, aisialdirako gune bihurtu nahi delako, zentroarekiko lotura hobetuko duten hirigintza-, egoitza- eta ekonomia-jarduera berriekin. Era berean, Areta indartzeko helburuarekin, industria-gune zaharkituak birmoldatzea proposatzen da, "Bide Zaharrak" eta "Lipmesa" esaterako, eta geltokiaren inguruko sarbideak hobetzea, zonaldea mugikortasun iraunkorreko gune estrategiko gisa finkatuz.

Gardea (Maiatzak 7)
Gardeako auzoan planak gunearen landa-nortasuna indartzea proposatzen du ("Balio Estrategiko Handiko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabala" gisa kategorizatutako lurzorua babestuz), bai eta auzoko kirol-instalazioak handitzea, mugikortasun jasangarria erraztuko duen disuasio-aparkaleku berri bat sortzea, Tejeria eremua eraberritzea, eta Santa Cruz auzoa hiri-lurzoruaren barruan sartzea ere, bertan kokatzen diren bizitegi-eraikinak ezagutzeko eta haren ingurumen-kalitatea hobetzen lagunduko duten neurriak ezartzeko.

Arraño (Maiatzak 13)
Arrañon proposamenak duen esku-hartze nagusia ibilgailuen zein oinezkoen irisgarritasuna hobetzea da. Horregatik, proiektuak Zumalakarregi etorbidean jardutea planteatzen du, auzoaren konektibitatea hobetzeko, eta bizitegi-eremu eta aparkaleku publiko berri bat sortzeko.

Erdigunea (Maiatzak 14)
Erdiguneari dagokionez, proposamenak hiri-lurzoruaren sailkapena berregokitzea aurreikusten du, Bitorika kalearen inguruko lurzatiak gehituz eta Karmen kaleko eta udaletxe eta Gurutze Gorriaren ondoko orubeetako espazio zaharkituak eraldatuz. Era berean, Lamuza parkea "kultura sortzaileen parke gisa" jasotzen du, eta gaur egun Laudioalde Lanbide Heziketako zentroaren ondoan dagoen aparkalekua hartzen duen lursailaren erabilera birpentsatzea planteatzen du. Mugikortasunari dagokionez, Planak erdiguneko trafikoa baretzearen aldeko apustua egiten du, Zumalakarregi, Nerbioi eta Karmen kaleetako zirkulazioaren noranzkoak birmoldatuz. Neurri honekin, bidegorri bide gehiago sortu eta oinezkoentzako ibilbideak eta garraio publikoa indartu nahi dira.

Landa-eremua (Maiatzak 20)
Laudioko landa-eremuen kasuan, planaren aurrerakinak lurzoru urbanizaezina zaintzearen aldeko apustua egiten du, bai eta baserriak birgaitzeko eta eraberritzeko neurriak hartzearen eta lehen sektorea sustatzearen alde ere. Halaber, planak proposatzen du Arraño mendiaren gainean espazio libreen sistema orokorraren kalifikazioa kentzea, bertan kokatzen diren eraikinak berrantolatzeko aukera emanez.

Ugarte (Maiatzak 21)
Ugarten proiektuak auzoaren erdigunetik zeharkatzen duen trafiko astuna murriztea du helburu, Laudioko saihesbide berria erabiliz. Horrez gain, planak auzoa erdigunearekiko duen lotura hobetzea proposatzen du, Lamuza parkearen bidez, eta Ugarte dorrea ekipamendu gisa birkalifikatzea eta Goienuri-Ellakuri parkea sortzea ere.

Latiorro (Maiatzak 27)
Latiorro auzoan erronka nagusia erdigunearekiko lotura hobetzea da, trenbidearen lurpeko pasabidea eta Goikoplazako zubia hobetuz. Planak aurreikusten du, halaber, Galmaka auzoa berriro urbanizatzea, Jesus Guridiren hiri-eremua eraberritzea eta Larrako lurzoru urbanizagarria antolatzea, inguruan dauden etxebizitzak errespetatuz. Proiektuak Peregaña-Lateorrondon 32 zuzkidura-bizitoki dituen eraikin bat eraikitzea ere aurreikusten du.

Landaluze-Larrazabal (Maiatzak 28)
Planak Landaluze-Larrazabal auzoko hiri-lurzoruaren sailkapena egokitzea eta bertan dauden hiri-baratzeen berezitasuna aitortzea proposatzen du, bai eta Larraño kaleko irisgarritasuna hobetzea eta lurzorua etorkizuneko bizitegi-proiektu baterako gordetzea ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide