Luze eta hunkigarria izan zen San Prudentzio bezperako jaia atzo Laudion. Eguerdian barraskilo dastatzea egin zuten Rakataplako kideek, 120 kilo inguru kozinatu eta banatuta. Arratsaldean, aldiz, Lankaietako Lagunak taldeko kideak atera ziren herriguneko kaleak txistu doinuekin animatzera.
Baina ekimen bereziena gaueko hamarretan hasi zen: erretreta. Aurten 200 pertsona inguru atera dira danbor-kalejiran. Ohiko eskema jarraitu zuten: herriko kale nagusietatik aritu ziren jotzen bi orduz, Herriko plazara iritsi arte. Bertan, aldiz, betiko gidoitik apur bat aldendu ziren Rakataplako kideak, Kani Bilbao Unzaga gogora ekartzeko. Otsailean zendu zen elkarteko kide beteranoa, eta musika bandak Agur Jaunak kantua jo zuen bere omenez. Ondoren, gaueko hamabiak puntuan, ohiko dabor-doinuak nagusitu ziren berriz plazan, Bilbaoren alabak udaletxeko balkoiko ikurriña altxatzen zuen bitartean, udal ordezkariekin batera.