Eskualde bat, Aiaraldeak hamabost!

“Ez da banaketa hutsa: bazaude herriari zerbait ematen eta euskarari laguntzen”

Txabi Alvarado Bañares 2025eko maiatzaren 12a

Ekhiñe Etxepeteleku Elizondo, bere semearekin. / Aiaraldea.eus

EKHIÑE ETXEPETELEKU ELIZONDOk (Lesaka, 1981) bederatzi urte daramatza Orozkon bizitzen. Eskolaren bidez jaso zuen Aiaraldea Hemen hamabostekaria lehenbiziko aldiz. Orain, argitalpen hau banatzeaz arduratzen da zentroan bertan eta herri osoan. 

Aiaraldea Komunikabideko boluntarioa zara. Zer egiten duzu zehazki?

Orozkon Aiaraldea Hemen hamabostekaria banatzea. Normalean asteazken edo  ostegunetan jasotzen dugu Whatsapp mezua, esanez aleak prest daudela. Orduan ahalik eta azkarren etortzen naiz Faktoriara multzoa hartzera eta Orozkora eramaten dut. Eskolan 150 ale banatzen ditut eta beste 140 herrian barrena: saltokietan, ile-apaindegietan, dentistan…

Bertso eskolara zatoz Faktoriara. Orduan hartzen dituzu aleak?

Bi kontuek bat egiten badute bai, bidaia aprobetxatzen dut. Bestela, ostiralean edo ahal dudanean bertaratzen naiz. 

Nola hasi zinen boluntario moduan?

Kasualitatez izan zela esango nuen. Orozkon banaketa egiten zuenak ezin zuen jarraitu. Ni Faktoriara etortzen nintzen bertso eskolara eta euskararen aldeko beste kontu batzuetan ere sartuta nengoen, eta banuen harremana proiektuko jendearekin. Proposamena bota zidaten eta animatu nintzen. 

Lan asko da Orozkoko banaketa?

Egia esan, erraza da. Ordu erdiko kontua baino ez da, behin aleak Faktoriatik hartu eta Orozkora eramanda. Egia da egun batzuetan, lanpetua baldin bazaude, astuna suertatu daitekeela banaketa egin behar izatea, baina gehienetan gustura eta erraz egiten dudan gauza bat da. 

Ez da banaketa hutsa: bazaude herriari zerbait ematen eta euskarari laguntzen. Nik uste horrek konpentsatzen dizula. Horregatik animatu nintzen hein batean ere bai: euskarari bultzadatxo hori emateko. Gainera, nire kasuan, semeek ere ikusten dute egiten ditugula gauzak boluntarioki, zure ideologiaren arabera prest gaudelako egitera, eta nik uste balore horiek ere politak direla transmititzeko. 

"Gainera, nire kasuan, semeek ere ikusten dute egiten ditugula gauzak boluntarioki, zure ideologiaren arabera prest gaudelako egitera, eta nik uste balore horiek ere politak direla transmititzeko"

Zer nolako harrera du hamabostekariak Orozkon?

Nik uste orokorrean ona dela. Banatzen nabilenean tarteka jendeak gelditzen nau ale bat eskatzeko. Komertzio berriak ireki direnean ere bertaratu naiz galdetzera ea aleak utzi ahal nituen eta harrera ona izan du beti. Orokorrean harrera ona, beraz. Gero ia irakurketa maila ez dakit ez dakit zein izango duen, pentsatu nahi dut jendeak irakurriko duela (barreak). 

Aiaraldea Komunikabideak 15 urte betetzen ditu aurten. Nola baloratzen duzu eginiko ibilbidea?

Proiektua ezagutu nuen hona etortzean, eskolaren bidez, semeek hamabostekaria etxera ekartzen zutelako. Gero hasi nintzen banatzaile moduan. Horrelako proiektuak beti dira onak herriarentzat, nik uste. Euskara hutsean dago, eta hori oso positiboa iruditzen zait niri, eta egiten den lana nik uste izugarri ona dela orokorrean. 

Eta, aurrera begira, zer erronka uste duzu dituela proiektuak?

Komunikabideak nik uste dut jarraitu behar duela lanean egiten duen moduan. 15 urte bete dituenez nik uste gauzak ongi egin dituelako dela, ilusioarekin eta gogoekin. Hori da funtsa, nire ustez. Beti daude erronkak eta estropezuak, baina gogoak badaude aukera dago egiten jarraitzeko. 

Banatzen egon naizenean, jendeak tarteka esan dit lan horrek gazte batek egin beharko lukeela (barreak). Nik ez dut ulertzen zergatik izan behar diren gazteek hau egiten dutenak, nork egiten duen ez du inporta, nahiz eta egia den ondo egongo litzatekeela balore hori transmititzea eta gerora gazteek lan hori hartzea. Euskarak tarteka lana eskatzen du norbanakoen partetik, eta prest egon beharko genuke hori egiteko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide