SAGUZARRAK KUADRILLA

“Erabat aldatu dira Gardeako jaiak Saguzarrak kuadrilla sortu genuenetik hona”

Txabi Alvarado Bañares 2025eko maiatzaren 2a

Josu Bengoa Olabarria eta Clemente Aldaiturriaga Zorrozua Gardeako plazan. / Aiaraldea.eus

Saguzarrak kuadrillako kideetako bi dira JOSU BENGOA OLABARRIA (Laudio, 1950) eta CLEMENTE ALDAITURRIAGA ZORROZUA (Laudio, 1949). 1965ean sortu zuten jai-taldea Gardeako hainbat gazteren artean. Auzoko jaiei hasiera emango diete aurten. Izan ere, pregoia irakurri eta txupina botatzeaz arduratuko dira.

Saguzarrak kuadrillako kideak izango zarete Gardeako jaien pregoilari eta txupineroak, taldeak mende erdi bete duenean. 

Josu Bengoa Olabarria: Hori da. Gure gurasoek sortu zuten kuadrilla, baina utzi egin zuten gero. 1965. urtean eskolako lagun batzuk batu ginen antzeko talde bat sortzeko, eta gehienak Gardeakoak ginenez erabaki genuen gure gurasoek baliatutako izena hartzea.

Clemente Aldaiturriaga Zorrozua: Gure guraso eta aitonak arotzak ziren, eta duela 90 urte inguru karrozak egiten zituzten Bilboko inauterietara joateko, eta Saguzar izena hartu zuten, gauez ateratzen zirelako Bilbora iristeko.

J.B.O.: 1966. urtean karroza bat egin genuen, Sputnik espaziontzia irudikatuta, eta gure aitonaren txakurra jarri genuen Laikaren papera egiten.

Zer nolako bilakaera izan zuen taldeak?

J.B.O.: Laudioko jaietan aritzen ginen batez ere, baina Gardeakoak ginen taldekideok auzoko jaiak ere antolatzen genituen. Hemengo festak bi garai nagusitan banatu daitezke. Santa Kruz baselizan ospatzen ziren hasieran, baina 1958. urtean desakralizatu zen. Plazako parrokia egin zen orduan, eta auzoaren erdigunera mugitu zen jaia.   

C.A.Z.: Gazteak biltzen ginen jaiak antolatzeko. Programa egin eta inprentara bidaltzen genuen, eta Udalera joaten ginen gero dirua eskatzera. Jaiak hasi baino astebete lehenago baserriz baserri joaten ginen programa entregatu, jendea parte hartzera animatu eta diru ekarpenak eskatzeko. 

Asko aldatu dira ordutik hona?

C.A.Z.: Erabat. Auzoa urbanizatzen joan den heinean aldatzen joan da jaia.

J.B.O.: Telebista sortu zenetik beherantz jo du denak. Lehen jendeak urtebete igarotzen duen jaien zain, askoz desiratuagoak ziren.

C.A.Z.: Eta ez soilik auzokoon partez. Laudio, Orozko, Areta edota Okondoko jendea ere bertaratzen zen. Oso jai parte hartzaileak ziren.

Nabarmentzekoak dira baita ere jaien barruan antolatutako Euskal jaiak. Hemen jo izan dute Xabier Letek, Benito Lertxundik edota Lourdes Iriondok, frankismo bete-betean. Abestuko zituzten letrak bildu eta Gobernu Zibilera bidali behar genituen aurretik, nahiz eta gero eurek nahi zutena egin. Errepidea moztu behar izaten zuten agoazilek, jende pila bertaratzen zelako ekimen horietara.

Nolakoak izango dira aurtengo jaiak zuentzat?

J.B.O.: Pregoia irakurtzeko gonbita luzatu zigutenean albistea partekatu genuen kuadrillako WhatsApp taldean, ahalik eta jende gehien bertaratu dadin. Hemezortzi pertsona gaude, eta ahal dugun guztiak egongo gara, kuadrillako jantzia soinean. Hori da gure plana. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide