AMAIA PAGAZAURTUNDUA

“Kontraste ikaragarria dago, klase ekonomiko eta sozialen artean, begi-bistakoa da hori”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko maiatzaren 12a

Unibertsitateko ikasketak Txilen garatzen ari da Amaia Pagazaurtundua laudioarra. / Aiaraldea.eus

Txilen sei hilabeteko egonaldia egiten ari da AMAIA PAGAZAURTUNDUA (Laudio, 2004). Desoreka handien herrialdea da, eta bizitakoen nondik norakoak azaldu dizkigu.

Zerk eraman zaitu Txilera?

Hasiera batean Latinoamerikara joateko aukera ez zitzaidan bururatu, baina bekak ematen zidan aukeraren ondorioz Amerikara joatea erabaki nuen. Ezagutza oso txikia neukan Txileri buruz, eta horrek ere herrialdea aukeratzera animatu ninduen. Gainera, hona etorritako jendearekin hitz eginez herrialde interesgarria izan zitekeela ulertu nuen.

Txileko zein zonaldetan zaude?

Santiagon nago, kapitalean. Kapitalaren barruan hiria hainbat comuna-tan banatzen da. Ni zehazki Probidentzia auzoan bizi naiz. Mugikortasun internazionala burutzen duten ikasle gehienak hona datoz. Nahiko erresidentziala da, eta beste auzo batzuekin alderatuz ekonomikoki ondo bizi diren hiritarrak bizi dira bertan. Desberdintasun handiak daude Santiagoko toki batetik bestera. 

Nolakoa da zure egunerokoa bertan? Zer egiten duzu ohikoan?

Eskoletara joateaz aparte, astean zehar beste hainbat gauza desberdin egiten ditut. Asteazken guztietan Santiagoko Euskal Etxean burutzen den pintxopotera hurbiltzen naiz. Han mugikortasun internazionala burutzen ari garen hainbat lagun biltzen gara, baita Santiagoko hiritarrak ere. Giro polita sortzen da. Gure txoko propioa sortzen dugu.

Bestetik, Santiagoko toki desberdinak ezagutzen saiatzen ari naiz. Hiria oso handia da, eta bisitatzeko lekuak bukaezinak. Santiago gertutik ezagutzeko sei hilabete gutxi izango direla sumatzen dut.

Bidaiatzeko eta Txile ezagutzeko tartea izan duzu ere.

Hemengo uda aprobetxatuz Patagoniara joateko aukera izan nuen. Argentina eta Txileko zonaldeetan ibili izan ginen, turistikoenak direnak. Zoritxarrez, herri asko soilik turistentzat eginak zeuden. Bizi baldintza garestia zela sumatu genuen, eta hango herritar batzuekin hitz eginda, herriko egoera zein zen ulertu genuen. Argentinako aldean irakasle izan zeneko langile batekin solastu genuen. Irakasle bezala irabazitakoa eta eguneroko prezioengatik bere lana utzi eta Argentinako hegoaldera mugitu behar izan zuen. Gauza sinple eta beharrezkoenek ere prezio oso altuak dituzte, oso zaila bihurtzen hango bizimodua.

Protesta eta mobilizazio sozial handiek astindu dute Txile azken urteotan, ikasle mugimenduak ere esangura handia izan du bertan. Zer nolako egoera aurkitu duzu?

2019an Estallido Social izeneko ekintza bat eman zen. Gaur egun oraindik ere pisua duen gaia da. Metroaren tiketen prezioen igoeragatik ikasleek legedi berri honen aurreran manifestatzea erabaki zuten. Horrek protesta izugarriak ekarri zituen, eta horren aurrean Txileko gobernuak emergentzia dekretua deitzea erabaki eta milaka militar atera ziren kalera. Ikasle eta poliziaren arteko talka handia eman zen, baita txiletar gizartean ere. Gaur egun gizartearen zati handi batek ikasleei eta etorkiei botatzen die gizartean gertatzen diren arazo guztien errua. Komunitate maputxean ere protesta ugari ematen ari dira. Aurreko urteko azaroan komunitateko kide garrantzitsu bat “desagertu” zen: Julia Chuñil. Ingurumen eta maputxe aktibista egun batetik bestera desagertu zen. Herrialdean protesta eta aldarrikapen ugari ematen ari dira gobernuaren jarrera eskasa salatzen, horrek ez baititu erantzunik ematen.

Bestetik, abortuaren gaia ere bor-bor dabil Txilen. Oraindik ere ilegala izaten jarraitzen baitu abortuaren eskubidea. Soilik ezinezkoak diren baldintza batzuk betetzen legala izan daiteke, emakumeen eta disidentzien eskubideak ukatzen. 

Horren ondorioz mugimendu feministak aldaketa instituzional baten alde borrokatzen du. Martxoak 8n burututako manifestazio jendetsuan, behin eta berriz entzun ahal ziren abortuaren eskubidearen aldeko mezuak.

Desoreka handien herrialdea ere badela diote.

Santiagon errealitate oso desberdinak topatzen dira comuna batetik bestera. Nahiz eta comunak parean egon, “muga” zeharkatzeko orduan aldaketa nabarmen bat ematen da.

Hiriaren ipar-ekialdean aberatsak edo dirudunak diren biztanleak bizi dira. Erdialderago mugitzeran aldiz, kaleen egoera guztiz aldatzen da. Kontraste ikaragarria ematen da, jendearen eta kaleen egoera klase ekonomiko/sozial desberdinekoa dela bistaz ikusten da.

Probidentzia bezalako comuna batean bizitzeak Santiagoko egoera ulertzea zein den mugatzen dizu, burbuila batean bezala bizitzea da. 

Besterik? Anekdotarik?

Harritu egin nau hemengo uniek aste bat opor eukitzea osasun mentalagatik. Semana de receso deitzen da. Orain dela urte batzuk ikasle mugimenduek ikasleen osasun mentala ardatz izaten, uniek aste bat libre izateko borrokatu zuten, eta gaur egun mantentzen den zerbait da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide