Bi urteren ostean, gaur eman diete amaiera ofiziala Laudioko Nerbioi ibaiko zatia lehengoratzeko obrei. Prentsaurrekoa egin dute horretarako goizean, hainbat ordezkari instituzionalen parte hartzearekin.
4,2 milioi euro baliatu dituzte guztira proiektua burutzeko, Europako Funtsak baliatuta. Laudioko herriguneko ibai zatian jardun dute (1,3 kilometrokoa orotara), sakonera metro bat handiagoa egin eta, modu horretan, ibilguak gainezka egiteko probabilitatea ehun urtera handitzeko. Kalkulatu dutenez, mugitu duten lur kopurua 5.525 kamioien edukieraren baliokidea da.
Obra honek aukera emango du ibaiaren ertzetan “hiri berrikuntzako prozesuak” errazteko, “etxebizitza, negozio eta aisialdirako espazio berriekin”.
Obra honek aukera emango du ibaiaren ertzetan “hiri berrikuntzako prozesuak” errazteko, “etxebizitza, negozio eta aisialdirako espazio berriekin”. Hala azaldu du Mikel Jauregi Letemendiak. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren hitzetan, horrek aukera emango du ibaiaren ibilgua “arazo gisa” ikusteari uzteko, “hiria eraldatzeko aukera gisa ikusten hasteko”.
Bi urteko prozesua
Hasieran obrak 17 hilabeteetan egitea aurreikusita zegoen arren, azkenean bi urtez luzatu da prozesua. Horren atzean bi arrazoi nagusi daude, Asier Lopez Etxebarriaren hitzetan. URA agentziaren zuzendari nagusiak azaldu du espazio falta dagoela ibaian, eta makinen mugikortasuna zaildu duela horrek. Bestetik, eguraldiaren eragina ere aipatu du, ibaiaren ur-emaria handitu denean obrak eten egin behar izan direlako. Hori dela eta, obraren zuzendariak eginiko ahalegina goraipatu du Lopezek.