Glavista enpresaren itxierak soka luzea ekarri zuen, eta oraindik ere zer esana ematen jarraitzen du. Guardian enpresaren itxiera prozesua gauzatzen ari den honetan, epaitegietara bueltatu da autoentzako haizetakoak fabrikatzen zituen lantegiaren salerosketa eta itxiera prozesua.
ELA sindikatuak jarritako salaketa batetik tiraka, Glavistaren itxiera prozesuan delitu zantzuak daudela adierazi du Arabako fiskaltzak. Fidel Cadena fiskala buru, salaketa aurkeztu dute Amurrioko epaitegian, eta epaileak diligentziak abiatu ditu, salaketa ikertzeko asmoz.
Guus Boekhoudt
Fiskaltzak aurkeztutako testuaren arabera Guardianek Parter Capital funtsari Glavista saltzeko prozesuan administrazio desleiala eta kaudimengabezia delituak egon zirelako zantzuak identifikatu ditu. Zehazki Guus Boekhoudt Guardian Europako lehendakariordea seinalatu du fiskaltzak operazioaren erantzule gisa.
EL CORREOk zabaldu duenez, Fidel Cadena fiskalak osatutako testuaren arabera Guardianeko kudeatzaileek autogintzara bideratutako jarduera-adarraren salmenta simulatu nahi izan zuten, multinazionala Glavistaren itxieratik eta eratorritako ondorio ekonomiko, laboral eta zibiletatik bereizteko. Aipatutako komunikabideak adierazitakoaren arabera, Parter Capitali Glavista saltzeko operazioari izena ere jarri zioten: Nabigatzaile Bakartia.
"Iruzurra"
ELA sindikatuak adierazi du abiatu berri den prozesu judizialak agerian uzten duela Glavistaren salmenta "iruzur hutsa" izan zela, "Guardian enpresaren azpiegitura guztiak ixteko prozesuaren barruan".
"Egoera oso larria zen eta izaten jarraitzen du. Gaur egun 200 langile baino gehiago gara kalte-ordainen zentimo bakar bat ere ikusi ez dugunak", azaldu sindikatuak albistearen balorazio oharrean. Kaleratutako beharginen "sufrikarioa" amaitu ez dela salatu dute.
Orotara, azken urtean, Laudion 400 enplegu baino gehiago suntsitu direla gogorarazi du ELA sindikatuak, "guztiak Guardian ixteko prozesu planifikatuaren barruan". Gaineratu dute ere kaleratze hauek "beste alde batera begira geratu zen Eusko Jaurlaritzaren onespena" izan zutela.
Ikusteko dago epaileak abiatutako ikerketak zein fruitu ematen dituen. Gaur gaurkoz, Glavistaren salmenta da ikerketapean dagoena, eta hasiera batean ez luke eraginik izango 171 kaleratze utzi dituen Guardianen itxiera prozesuan.