Zer da zehazki antolatu duzun zikloa?
Bakarrizketa probalekua da antolatu dudan zikloa, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kideekin elkarlanean. Bakarrizketariek, ordura arte, jendearen aurrean bota gabeko edo oso gutxitan botatako txisteak probatzeko espazioa izango da.
Hilabetean behin antolatzeko asmoa dugu. Oraingoz, maiatzeko eta ekaineko saioak lotu ditugu, eta jendearen erantzunaren arabera ikusiko dugu honek aurrera egingo duen edo ez (etorri, mesedez). Saioetara hiru bakarrizketari gonbidatuko ditugu, bakoitzak 15 minutu inguruko bakarrizketa egin dezan.
Zein izango da zure lana ekintza horietan?
Aurkezle eta pedagogo lanak (bai, euskaldunok pedagogiaren faltan gaude) egingo ditut. Saioei hasiera eta amaiera emango diet, bakarrizketariak aurkeztu eta haien arteko tarteak beteko ditut. Neu ere graziosoa izaten saiatuko naiz, baina saiatu, besterik ez.
Zuk zeuk ere bakarrizketak egin dituzu, zein izan da zure esperientzia? Oholtza ugaritara igo zara?
Duela urtebete hasi nintzen, Donostiako Bagera elkarteak eta EginKarKarKar-ek antolatutako StandUp ikastaro bati esker. Hori bukatutakoan, bost minutuko testua idazteko gonbidapena egin ziguten, eta Donostiako Tabakaleran egin nuen nire lehendabiziko bakarrizketa. Ordutik, beste dozena bat saio egin dut: Laudion, Portugaleten, Gernikan, Deban, Iruñean eta abarretan.
Zer ematen dio umoregileari bakarrizketa publikoaren aurrean egiteak?
Oso eskarmentu txikia dut umorearen zera honetan, eta baliteke astakeria handia esatea, baina nik uste publikorik gabeko bakarrizketak ez duela inongo zentzurik.
Umoregileak jendea behar du ikusteko idatzi duenak ezer eragiten duen, zerbaiterako balio duen. Eragiten duen hori barrea izan daiteke, baina ez du zertan beti horrela izan.
"Umorea euskal kulturaren beste esparru bat baino ez da, ez diezaiogun zama handirik jarri"
Mikro ireki moduan planteatu duzu. Zein da saio hauen helburua umoregilearentzat?
Horrelako probalekuen helburua txisteak probatzea da; aurrez esan bezala, umoregileak inoiz bota gabekoak edo oso gutxitan botatakoak oholtzaratzeko lekua. Probalekuak oso lagungarriak dira umoregilearentzat beste bakarrizketa saio batzuetan zer kontatu, zer ez, zer aldatu-eta erabakitzeko.
Zein irizpide jarraitu dituzu beste umoregileak gonbidatzeko?
Irizpide nagusia —eta ia bakarra— umorea euskaraz egitea da. Saio bakoitza ahalik eta heterogeneoena egiten saiatuko gara, umoreak —beste edozerk bezala— ertz asko baititu, eta ertz horietan dabiltzanen/gabiltzanon ardura da horri buruzko txisteak egitea, ez beste inorena.
Euskal Herrian leku asko daude euskarazko bakarrizketak eskaintzeko?
Gero eta espazio gehiago ari dira sortzen horrelako saioak egiteko, eta benetan da poztekoa. Egia esan, ezer gutxi behar da bakarrizketa saio bat antolatzeko —soinu ekipoa eta txorakeria sorta bat botatzeko eta, batez ere, entzuteko prest dagoen jendea—, baina egia da Euskal Herrian orain gutxira arte urratu gabeko bidea izan dela.
Lan handia egin dute eta, oraindik ere, egiten ari dira Debako Kultur Elkartean, Gernikako Kult Parnasoan, Iruñeko LABEAn eta beste hainbatetan.
Zein neurritan da umorea euskal kulturak behar duen berebiziko esparrua erreferente propioak sortzeko?
Umorea euskal kulturaren beste esparru bat baino ez da, musika, dantza, bertsolaritza, pintura eta abar diren bezala. Umoreari esker, datozen urteetan, erreferenteak sortzeko eta, ondorioz, ez-euskaldunak edota euskararekiko atxikimendu txikiagoa dutenak euskarara e(ra)kartzeko gai bagara, guztiok zorioneko, aizu. Baina ez diezaiogun zama handiegirik jarri umoreari.