Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Horrelako panpina erraldoi bat egiten dugun lehen aldia da: ezberdina izan da, baina oso aberasgarria eta polita"

Maider Ramirez Martin 2025eko maiatzaren 20a

Laudioko Kasinoan aurkeztu zuten atzo panpina erraldoia. / Aiaraldea.eus

LaiaDiana izeneko panpina erraldoia sortu dute Laia Eskolako antzerki tailerreko kideek, Laudioko emakumeak irudikatzen dituen txotxongilo artikulatua, hain zuzen. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Kasinoan.

Hiru urte daramatzate Laia Eskolak antolatutako antzerki tailerrean Toñi Gallego Agüerok, Merche Garrido Diegok, Nieves Parra Valientek eta Itziar Goikoetxea Zuluetak, beste bi emakumerekin batera.

Aurten, Enkarna Delgadoren gidaritzapean, LaiaDiana panpina erraldoi artikulatua sortu dute urritik hona, eta atzo aurkeztu zuten Kasinoan, Laudioko Jardunaldi Feministen baitan.

Sorkuntza prozesuari buruz eta tailerrean parte hartzeak egunerokotasunean duen isla eta irakaspenez mintzatu dira Aiaraldea Komunikabidearekin.

Zer da zehazki Jardunaldi Feministetan aurkeztu duzuen lana? 

Merche Garrido Diego: Txotxongilo-panpina erraldoi bat aurkeztu dugu, Laudioko emakumea gorpuzten duena. Emakumeok ia edozer gauza egiteko kapaz garenez, panpina honek baita ere.  

Miren Itziar Goikoetxea Zulueta: Berak obran esaten du, todoterreno bat dela. 

Ez da jardunaldi hauetan parte hartzen duzuen lehen aldia.  

Toñi Gallego Agüero: Hirugarren aldia da. Errepikatzeko gogoz egon gara beti. Ni oso urduria naiz, baina eszenatokian lasaitzen naiz. Asko disfrutatzen dut, eta hori oso garrantzitsua da. Publikoari eskerrak eman behar dizkiogu ere, kasinoa bete dutelako aldiro. 

Mari Nieves Parra Valiente: Aurreko bi urtetan, antzezlanak egin ditugu; aurten panpina artikulatua aurkeztu dugu. Egia da gustatuko litzaigukeela emakume gehiago batzea, talde sendoa osatzen ari baikara. Esperientzia oso polita da, emakumeen artean elkartzeko eta jarduera interesgarriak egiteko modu bat da eta gure ahalmen sortzailea azaleratzen laguntzen digu.  

Denbora daramazue dagoeneko tailer honetan parte hartzen. Zein ekarpen egiten dizue zuen eguneroko bizitzan? 

M.G.D.: Niretzako guztiz berria izan da. Aurreko bi urteetan egin nuen lehen aldiz antzerkia nire bizitzan, normalean errazagoa da lehendik egin baduzu, eskolan edo. Baina hori ez zen nire kasua. Horrelako panpina erraldoi bat egiten ere lehenbiziko aldia izan da. Hortaz, zerbait ezberdina izan da, baina oso aberasgarria eta polita. 

N.P.V.: Nire kasuan egia da artisautza egiten dudala eta eskulanak oso gustuko ditudala, baina egia da niretzako hau erronka garrantzitsua izan dela. Azken finean, hiru metroko egitura bat muntatzea, horrek dakarren guztiarekin, ez da gauza makala. Baina taldean oso ondo ulertzen dugu elkar, eta Enkarnak (taldearen dinamizatzaileak) oso ondo bideratu gaitu, berak zituen proiektuaren oinarrizko ideiak.  

I.G.Z.: Esperientzia honek lagundu digu gure beste alderdi batzuk kanporatzen, eta egiteko kapazak ginela ez genekien hainbat gauza egiten. Horrek pertsonalki asko betetzen nau.  

N.P.V.: Gero hori egunerokotasunera ere daramazu: inprobisatu behar duzunean, arazoak suertatzen direnean... horiei aurre egin behar diezu. Gure bizitzetan horrelako egoerak gertatzen dira, eta tailerretan hori lantzen dugunez, lagungarria zaigu gero. 

T.G.A.: Negar egin dugu, baina baita barre ere. Negar inpotentziagatik, ez genuelako nahi genuen emaitza lortzen. Barre asko ere egin dugu eta horrek bultzatu gaitu aurrera egitera. Azkenean lortu dugu eta baliodunak sentitzen gara, oso. Primeran pasatu dugu. 

N.P.V.: Norberaren eta kideen alderdi ezberdinak ezagutu ditugu. Esaterako, Toñik clown alderdi itzela dauka. Merchek oso garatuta dauka gidoigintzari dagokiona. Mirenek ere hainbat ditu, aurkezlearena, adibidez...  

M.G.D.: Nievesek presentzia handia dauka eszenatoki gainean. Sei gara, eta bakoitzak ekarpen ezberdin bat dauka egiteko. Hori guztia komunean jartzen dugu eta batzuetan hobeto eta beste batzuetan txarrago ateratzen da. Egunen batean etxera joan gara pentsatzen “ez naiz bueltatuko”, baina gero aurrera atera gara. 

Nolakoa izan da txotxongilo erraldoia sortzeko prozesua? 

T.G.A.: Behetik gora muntatu dugu. Hasieran, lurrean eserita hasi ginen, beheko partetik, eta gora joan ahala, gu ere altxatuz joan ginen. Gero, hiru mahaietan etzan genuen, pisua hartu zuelako. 

M.G.D.: Burua izan da zailena.  

N.P.V.: Gorputzaren egituratik hasi ginen, gero besoak, eta azkenik burua, bai. 

Zer materialez eginda dago? 

N.P.V.:  Erabili ditugu alanbreak, plastikozko tutu gardenak, limpiapipasak... Buruaren eta eskuen egitura sare metalikoz eginda dago, eta gero eskaiolaz estalia. Ilea kordaz eta hariz osatu dugu.  

Laudioko emakumea irudikatzen duela diozue, baina oso ezberdinak gara gure artean. Nola landu duzue hori? 

N.P.V.: Hori da gakoa, Laudion aniztasun handia dagoela. Hasieran eman nahi genion itxuraz eztabaidatu genuen, eta zerbait neutroa bilatzen genuela erabaki genuen. Gero, erabili nahi duen kolektibo edo talde bakoitzak bere ukitu pertsonala eman diezaioke eta elementuak gehitu ahal dizkio.  

I.G.Z.: Ez da perfektua, gu ere ez garelako horrelakoak. Asimetria puntu hori eman nahi izan diogu, eta hor kokatzen gara gu ere. Apropos egin dugu horrela. 

Kolektibo eta talde ezberdinek erabili dezaketela esan duzue. 

M.G.D.: Bai, guk jai-giroko emakume gisa aurkeztu dugu. Baina edozein egunetan atera daiteke kalera: emakumearen egunean zapi moreak jantzita edo bestelako kultur jardueretan. Esan bezala, edozelan apaindu daiteke, agian norbaitek zapiak jarri nahi dizkio, beste kolektiboren batek txaleko bat, edo liburu batzuk eskuan...  

Izenik al du? 

M.G.D.: Bai, LaiaDiana deitzen da. Hitz-joko bat da. Gu Laia eskolatik gatoz, eta bi izen horiek batzean, azkar esaten baduzu, badirudi La Llodiana esaten ari zarela. Eta hori da, azken finean, panpinaren izaera laburbiltzen duena. 

Azkenik, zer esango zeniekete Laudioko emakumeei zuekin batera tailerrera batu daitezen? 

T.G.A.: Asko balio duten esperientziak direla. Zerbait kulturala egiten duzu eta, aldi berean, norberarengandik jaiotzen den zerbait. Nik esango nieke animatzeko, guztia ez dela etxea eta familia zaintzea... ate asko daudela irekita. Eta inoiz ez da berandu, ni alargundu nintzenean hasi nintzen honetan, Solastiarrekin hasi nintzen ni eta hazten joan naiz. Gainera, elkarren artean harreman oso ona sortzen dugu, oso lagunak egin gara, eta asko eskertzen da. 

I.G.Z.: Gakoa hori da, hazten jarraitu dezakegula.  

M.G.D.: Taldean gustora lan egitea ere oso garrantzitsua da, bakoitzak bere ekarpena egiten du. Eta ez dira bakarrik ekarpen materialak, bakoitzaren izaera eta ikuspuntuak ere. Oso garrantzitsua da ere ez garela elkarren artean berdinak, nahiz eta adin tarte berean egon. Polita izango litzateke ere jende gazteagoa batzea. Guk esperientzia handia dugu baina gazteek ideia freskoak dituzte. Bi faktore horiek nahasten baditugu gauza asko egin daitezke.  

T.G.A.: Niri jendeak esaten dit “zuk horretarako balio duzu”. Baina nik hasieran ez nekien, ezin nuen imajinatu horrelako gauzak egin nezakeenik. Polita da gauza berriak egitea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide