CIARAN BRAZIL ETA SARAH PATTON

“Euskara babesteko duzuen pasioa oso inspiragarria da guretzat”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko maiatzaren 24a

Gaelikoaren biziberritze prozesuaz mintzatu dira bi irakasle irlandarrak. / Aiaraldea.eus

CIARAN BRAZILek eta SARAH PATTONEek erasmus programaren barruan egin dute Euskal Herrira bidaia bidaia, eta astebete elkarbanatu dute Laudio Institutuko ikasleekin

Zuen lehenengo aldia da hau Euskal Herrian?

Ciaran Brazil: Nire lehenengo bidaia da, bai.

Sarah Patton: Ni aurretik egon naiz hemen. Donejakue Bidearen zati txiki bat egin nuen Donostiatik Bilbora.

Eta bazenuten Euskal Herriaren berri aurretik?

C.B.: Bai noski. Asko irakurri eta informatu naiz lurraldearen inguruan, bertako historiak eta sinbologiak asko erakartzen nau. Baina banuen gogoa hori guztia gertutik ezagutzeko.

S.P.: Nire nebak lagun-min euskalduna dauka. Pilotalekuko kirolak erakutsi zizkigun behin, zesta handi batekin jolasten den kirol hori.

Hizkuntza gutxituak dira Erasmus proiektuaren ardatza. Zein da gaelikoaren egoera?

C.B.: Erresuma Batuak kolonizatu gintuenetik galbidean egon den hizkuntza da. Hizkuntza debekatua izan zen, eskoletan irakasteari utzi zioten. Irlandak independentzia berreskuratu zuenean hasi zen gaelikoaren biziberritzea. Gure konstituzioa gaelikoz idatzita dago, horrek prestigioa eta indarra eman zion gure hizkuntzari, baina hainbeste urteren ostean jazarria izan ostean oso egoera delikatuan jarraitzen du.

S.P.: Gaur egun eskola guztietan dago presente, baina ez da hezkuntza sistemaren ardatza, gehiago da eskolaz-kanpoko jarduera batean ikasten den zerbait. Irlandako herri-txikietan hitz egiten da nagusiki, batez ere mendebaldeko kostaldean. Dena den, ukaezina da hizkuntzak izan duen gorakada. Jende gaztea hizkuntzaren inguruan elkartuz doa, eta gaelikoarekiko pasioa piztuz. Horren adibide argia da Kneecap rapero talde ipar-irlandarrak sortu duen zirrara.

Nola ikusi duzue euskararen egoera?

C.B.: Oso inspiragarria da guretzat euskara babesteko hemen duzuen pasioa. Uste dut lortu duzuela eskola orduetatik kanpo ere euskara ateratzea, ez da irakasgai bat gehiago, eguneroko tresna da.

S.P.: Asko gustatu zaigu ere hemen duzue bizitza soziala. Horrek ere asko laguntzen du hizkuntzaren biziberritzean. Jendea tabernetan elkartzen da arratsaldero, gure herrian ez da oso ohikoa hori. Txoko batean afaltzeko aukera izan dugu ere, beso zabalik jaso gaituzue!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide