Andoniren taberna Sugarrak Laudio, hau da, herriko saskibaloi klubeko emakumeen haur taldea, Arabako txapelduna izan zen igandean. Horretarako, Zaraobe garaitu behar izan zuen bere etxean, Amurrioko Bañueta Kiroldegian jokatu baitzuten lauko finala.
Partida gogorra izan zen eta amurrioarrek ondo baliatu zituzten euren bitartekoak hasieran. Horri esker, markagailuan alde nabaria lortu zuten eta Sugarrakek ez zuen emaitza berdindu hirugarren zatira arte. Laugarren eta azken zatian laudioarrek abantaila apur bat hartu eta mantendu zuten.
Norgehiagokaren azken minutuak tentsioz eta urduritasunez beteta egon ziren, eta laudioarrek lortu zuten markagailua euren alde mantentzea txapeldunak izateko.
Finalerako bide luzea
Garaikurra eskuratzeko ibilbidea, dena den, malkartsua izan da. Hasteko, iazko azken hilabeteetan ligaxka jokatu zuen taldeak Arabako puntako taldeekin. Lehiaketa horretan hirugarren izan zen, Araski eta Baskoniaren atzetik soilik geratuta.
Hirugarren postu horrekin, laudioarrak pasa ziren lehiaketa taldera, non Zaraobe izan zuten arerio nagusi. Azkenean, amurrioarrentzat izan zen lehen postua, puntuen aldetik berdindu ondoren, eta horregatik jokatu da asteburuan lauko finala Bañuetan.
Finalerdietan Zaraobek Baskoniari irabazi zion eta Sugarrakek San Prudenciori eta, horren ondorioz, Aiaraldeko derbia izan zen finala. "Antolakuntza eta giroa itzela izan da", aitortu dute laudioarrek.
Talde baten konpromisoa
Andoniren taberna Sugarrak Laudioren indarguneari buruz galdetuta, jokalarien konpromisoa nabarmendu dute Igor Azkue eta Jakobe Manteiga entrenatzaileek: "Hamar neskekin hasi genuen denboraldia, baina batek taldea utzi behar izan zuen. Hortaz, bederatzi kiderekin geratu ginen eta horietako batek klaseak ditu larunbat goizetan. Aintzat hartuta partidak galdutzat ez jotzeko zortzi jokalarirekin agertu behar zarela, guztiek egin dute ahalegina astebururo jokatzeko. Klaseak zituena, adibidez, maiz etorri da, zati bat jokatu eta norgehiagoka amaitu gabe joan da. Horrez gain, jakina, zorte ona izan dugu gaixotasun eta lesioekin. Azkenean, egindako lanaren saria izan da garaipena".
Euskadiko Jokoak
Gauzak horrela, Sugarrakeko jokalariek Araba ordezkatuko dute Euskadiko Jokoetan eta Bizkaia eta Arabako txapeldunekin lehiatuko dira.