Bilbora bertaratu ziren Tubacexeko LABeko atal sindikaleko kideak iragan ostegunean, multinazionalaren akziodunen batzarrera. Euskalduna Jauregiaren sarreran egon ziren erakundeko ordezkariak, eskuorriak banatzen bertara sartu ziren akziodunei.
Modu horretan, langileen soldatak igotzearen aldeko aldarria jarri zuten mahai gainean. LABeko kideek nabarmendu zuten Tubacexen akzioen balioaren zati esanguratsu bat dela langileen "denboraren, ahaleginaren eta osasunaren" ondorio.
Horregatik, "eskualdeko baldintza sozialei eusteak duen garrantzia" nabarmendu zuten, eta gogora ekarri zuten beharginen hitzarmena eta soldatak izoztuak daudela 2021tik.
Gauzak hala, ezinbestekotzat jo zuten "desfase" hori konpontzea, "arazo larria" bilakatzen ari delako Laudio eta Amurrioko fabriketan enplegatutako pertsonen artean. Hori dela eta, afera hori mahai gainean jartzeko gonbita luzatu zieten akziodunei.