Berezia izango da bihar eskolara sartzeko ordua La Milagrosa ikastetxean. Izan ere, DBH 2. mailako ikasleek eskuz egindako xaboiak saltzeko postua jarriko dute, 8:30etik 9:15era bitartean. Hainbat tamaina eta diseinuetako xaboiak erosi ahal izango dira, eta irabaziak DANAk Valentzian eragindako kalteak arintzera bideratuko dituzte.
Zehazki, Valentziako Karitateko Alabek antolatutako "Jarri adreilu bat etxe honen sabaian" kanpainaren bidez egingo dute lortutako diruaren dohaintza. Adreilu sinboliko bat ematean datza ekimena (10 euroko salneurria du bakoitzak), "San Eugenio egoitzan hartutako hamahiru familietako bakoitza eta Luisa de Marillac Gizarte Ekintza babestuko dituen sabai hori irudiz eraikitzeko".
Ikasleek eurek sortutako xaboiak jarriko dituzte salgai. Izan ere, diziplinarteko proiektu baten baitan garatu dute merkatu solidarioa, eta askotariko zereginak izan dituzte prozesu osoan zehar. Esaterako, gutun formalak egin behar izan dituzte ikastetxeko zuzendaritzarako, aurrekontuak, eskaerak eta balantzeak kudeatu, eta publizitatea ere sortu behar izan dute ikasleek. Xaboiak egiteko jarraibideei eta erabilitako olioei buruzko informazioa ere bildu dute. Modu horretan, bakoitzaren ezaugarriak ezagutu ahalko dituzte postura bertaratzen direnek.
20 urte elkartasun
Jakitera eman dutenez, azken 20 urteotan "hezkuntza-komunitate osoaren (familiak, ikasleak eta irakasleak) lankidetzari esker, 40.000 euro baino gehiago" bildu ditu La Milagrosa ikastetxeak elkartasun-kanpainetan. Badaude aldizka errepikatzen diren egitasmoak, hala nola Domund, Gabonak, Bokata solidarioak, Xaboi solidarioak... Bildutako diruak zein bestelako laguntzak (elikagaiak, jostailuak...) hondamendi naturalen ondorengo laguntza emateko, zein gosearen aurkako borrokan laguntzeko baliatu izan dute.