Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Gustatzen zait nire liburuek arnasa hartzea"

Txabi Alvarado Bañares 2025eko maiatzaren 30a

Amado Gomez Ugarte, bere liburuarekin esku artean. / Aiaraldea.eus

AMADO GOMEZ UGARTEk (Laudio, 1956) Al otro lado del mar eleberria argitaratu berri du. Liburuak hamarkada bat baino gehiago eman du argia ikusi gabe, bere unean nobela motzen Gabriel Sije saria irabazi zuen arren. 

Eleberri bat argitaratu berri duzu, baina ez duzu orain idatzi. 

Hori da. Nobedade editoriala da, baina ez da nobedade literarioa. Duela hamaika urte idatzi nuen, eta eleberri motzen Gabriel Sije saria irabazi zuen, hainbat herrialdeetako 478 nobelaren artean lehiatuta, baina argitaratu gabe egon da orain arte. Betagarri Liburuak argitaletxeak plazaratu berri du.

Zergatik egon da argitaratu gabe orain arte?

Bi arrazoi daude. Alde batetik, Gabriel Sijen saritutako liburuekin ordura arte atera zituzten edizioak ez ziren benazkoak; hau da, ez zeuden salgai, aleak banatzen zituzten liburutegi eta kultur zentroetan, baina ez zeuden egon behar ziren tokietan: liburu-dendetan. Liburua hilik jaiotzen da modu horretan. Ez zait hori interesatzen, niri gustatzen zait nire liburuak liburu-dendetan egotea. 

"Mediterraneoko Aurrezki Kutxak esku hartze bat izan zuen garai hartan, aurrezki-kutxen auziagatik. Horren ondorioz, bertan behera geratu ziren argitalpenak, baina hori izan zen liburuari gertatu ahal zitzaion gauzarik onena"

Bestetik, Mediterraneoko Aurrezki Kutxak esku hartze bat izan zuen garai hartan, aurrezki-kutxen auziagatik. Horren ondorioz, bertan behera geratu ziren argitalpenak, baina hori izan zen liburuari gertatu ahal zitzaion gauzarik onena. 

Horren ostean, egon dira liburua argitaratzeko interesa erakutsi duten hiruzpalau editorial, baina ez genuen akordiorik lortu. Nik ez dut bilatzen uneoro argitaratzen egotea. Lasai nabil: eleberria idazten dut, arnasa hartzen uzten diot eta ez dit axola zenbat denbora igarotzen den argitaletxe bat topatu arte. 

Ez da hori gertatzen zaidan lehen aldia. Badut beste eleberri bat kaxoian hamar urtez egon zena. Casino de Lorca literatur sariketara aurkeztu nuen eta saria irabazi zuen. Ez da horren arraroa. Kasu asko daude zeintzuetan liburuak ez diren idatzi eta berehala argitaratzen. Badaude idazle ezagun asko urteak behar izan dituztenak euren liburuak argitaratzeko. 

Eta zerk bultzatu du Betagarri Liburuak argitaletxeak zure liburua orain argitaratzera?

Erronka txiki bat da. Argitaletxe hau orain arte saiakerak eta historia liburuak argitaratu ditu gehienbat. Narratiba sail bat ireki nahi zuten, eta telefonoz deitu ninduten zeozer interesgarria nuen jakiteko, nirekin abiatu nahi zutelako bilduma berri hori. Nik liburu hau bidali nien, banekielako oso eleberri ona zela. Asko gustatu zitzaien eta ez inolako arazorik egon, eta horregatik argitaratu da. 

"Narratiba sail bat ireki nahi zuten, eta telefonoz deitu ninduten zeozer interesgarria nuen jakiteko, nirekin abiatu nahi zutelako bilduma berri hori. Nik liburu hau bidali nien, banekielako oso eleberri ona zela"

Eleberri hau nahiko ezberdina da plazaratu zenuen aurrekoarekin alderatuta. Aurrekoan (El agente extranjero) thiller politikoa jorratzen zenuen. Honako hau, aldiz, maitasunezko eleberri historiko bat da. 

Nik bi modu ezberdinetan idazten dut. Orainaldiaren inguruan idazten dudanean lengoaia zehatz bat baliatzen dut, baina oso gogoko dut iraganaz hitz egitea. Eleberri hau XX. mendeko lehen erdialdean dago girotuta. Nire garairik gogokoenetako bat da hori, ez da epealdi horretan girotu dudan lehen liburua. Iraganeko urte horiei buruz idazten dudanean gustorago sentitzen naiz, errealitateei buruzko fikzioa eginez. Fikzioa idazten dut, pertsonaiak ez dira errealak, baina garaia bai. Badaude gertakari ugari errealak direla, pertsonaiak fikziozkoak izan arren. Gustatzen zait hori, eleberria denboran ondo kokatzea, baina fikzioa eginez. Nik ez dut eleberri historikorik egiten, fikzioa egiten dut. 

Baina duela 11 urtetako Amado ez da oraingo bera, ez? Bitxia izan behar du zure bizitzako beste etapa batean idatzitako zerbait orain aurkezten egotea. 

Beste erronka txiki bat da. Atzera begiratzea eta nola idazten zenuen oroitzea eta planteatzea eleberri hori zure oraingo lan bat dela. Literatura erronka txikiz beteta dago, eta ez da horren arraroa duela hainbat urteko liburu bat orain argitaratzea eta zure burua kokatu behar izatea idatzi zenuen garai hartan. 

"Eleberria girotzeko balio dudan garaiaren arabera aldatzen dut nire idazteko modua ere"

Asko aldatu da zure idazteko modua azken hamaika urteetan?

Ez. Esan dizudan bezala, idazteko bi modu ditut. El agente extranjero baino lehen argitaratu nuen beste liburu bat, Los verdes campos izenekoa, eta hori ere bada orain argitaratu dudanaren motakoa, garai berdinean girotua dagoelako. Eleberria girotzeko balio dudan garaiaren arabera aldatzen dut nire idazteko modua ere.

Zer topatuko du irakurleak Al otro lado del mar liburuan?

Eleberriaren gai nagusia anbizioa da. Gazte nekazari bat da protagonista, ez dena konformatzen gizartean duen rolarekin. Beste pertsona baten lurretan egiten du lan eta lur horiek bereganatu nahi ditu. Konturatzen da gizon erakargarria dela emakumeentzat eta erakargarritasun hori baliatzea erabakitzen du aberasteko, lurren jabearen alaba maitemintzen saiatuz. 

Baina Ingalaterratik datorren gutun bat gurutzatzen da bere bidean, emakume batek I. Mundu Gerran dagoen senarrarentzat idatzitakoa. Gutun hori galdu egiten da eta protagonistari iristen zaio. Ikusten du ez dagoela berari zuzendua, baina erantzutea erabakitzen du; eta harrigarriena da emakumeak berriro idazten diola, eta gutun bidezko harreman bat garatzen da bien artean, maitasun platoniko bilakatzen dena.

Gauzak hala, gazteak bi maitasun istorio ditu: maitasun interesatua eta maitasun platonikoa, eta biekin aurrera jarraitzea erabakitzen du. Hortik abiatuta, irakurleak komedia eta tragedia topatuko ditu… bizitza, azken finean. Hori gara pertsonak: batzuetan anbiziotsuak, batzuetan onak, bestean txarrak… hori guztia erakusten da eleberrian. 

"Irakurleak komedia eta tragedia topatuko ditu… bizitza, azken finean. Hori gara pertsonak: batzuetan anbiziotsuak, batzuetan onak, bestean txarrak… hori guztia erakusten da eleberrian"

Horrez gain, pertsonaia askoko liburua da, idazten ditudan guztiak bezala. Istorio txiki asko daude narrazio nagusia aberasteko. Gustatzen zait pertsonaia sekundario horiek garrantzia izatea, ez izatea istorio nagusiaren bidelagun hutsak, bizitza propioa izatea. Gustatzen zait pertsonaia horiek ipuin txikiak izatea, istorio nagusiaren inguruan daudenak, baina euren nortasun propioarekin. Gogoko dut hori zaintzea. 

Nobelaren beste bitxikerietako bat bada non dagoen girotua. Toki erdi-imaginario batean kokatu dut, baina Getxon girotua dago gutxi gorabehera, Larrañazubi izeneko zonaldean. Hori omenaldi argi bat da Ramiro Pinilla idazleari, berak bertan kokatzen zituelako bere eleberrietako asko. Omenaldi txiki hori egin nahi izan diot, nire idazle gogokoenetako bat delako. 

Zer nolako harrera izan du eleberriak orain arte?

Eleberria salgai dago dagoeneko argitaletxearen webgunean, eta badago jada irakurri duen jende kopuru bat. Egia esan, uste dut orain arte ez dudala izan horren jarrera mesedegarria izan duen nobelarik. Esan didate narrazio arin baina literarioa dela. Irakurterraza da, baina ez dio balio literarioa izateari uzten. Hori bilatzen dut nik liburuetan: aspergarriak ez izatea. Irakurle moduan, ni izan behar naiz lehena gozatzen. Saiatzen naiz beti irakurleari gozararazten. Horregatik uste dut eleberri erraza dela, baina karga literarioarekin. 

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Ez zaizkit eleberri mardulak gustatzen, nireak motzak dira. Duela gutxi amaitu dut beste nobela motz bat, eta gordeta daukat. Gustatzen zait nire liburuek arnasa hartzea. Handik denbora batera hartzen ditut, berriz irakurri eta zerbait zuzendu behar den ikusteko, eta orduan erabakitzen du argitaletxe bati bidaliko diodan. Gauzak hala, badut beste eleberri bat, baina arnasa hartzen dabil. 

"Duela gutxi amaitu dut beste nobela motz bat, eta gordeta daukat. Gustatzen zait nire liburuek arnasa hartzea"

Beti egiten duzu hori?

Bai, eta erraza da ulertzea zergatik: ni ez naiz urtero zerbait argitaratzen duen autore horietako bat. Eleberri motzak dira nireak, baina denboran luzatzen dira. Horrelakoa naiz, beda literatura ulertzeko modu bat. Badaude argitaratzeko presak dituzten pertsonak, argitaletxerik topatzen ez badute euren kabuz plazaratzen dutenak. Autoedizio asko dago. 

Egia da, zure kasuan, idazle profesionala ez izan arren, liburu guztiak argitaratu dituzula argitaletxeekin. 

Bai, argitaletxe txikiekin gehienetan, baina edizio klasiko bat eginez beti: argitaletxea arduratzen da dena egiteaz eta ni aurkezpen batzuk egitera konprometitzen naiz, noski. Beti lortu dut horrela egitea. 

Aurrekoan irakurri nuen Espainiako Estatuan argitaratzen diren liburuen %90 inguru direla autoedizioak. Horrek argi uzten du jende asko dagoela bere barnetik istorio bat ateratzeko irrikitan, baina ez duena beste biderik topatzen. 

Eta zergatik gertatzen da hori?

Argitaletxeak filtro bat dira, azken finean, bermatzeko irakurleak kalitatezko zerbait jasoko duela. Editoreak testua irakurtzen du eta erabakiak hartzen ditu bere irizpideen arabera. Iragazki hori pasa nahi ez duen jendeak bere kabuz editatzen dut. Nik beti nahiago izan dut editoreek erabakitzea argitaratzea interesatzen zaien. 

Aldaketa asko daude jatorrizko bertsiotik argitaratzen den horretara?

Ez. Azken liburu honetan, adibidez, ez da ia ezta zuzenketarik egon. Urte asko daramatzat honetan, eta gustatzen zait testua zaintzea. Nahiko maniatikoa naiz zentzu horretan (barreak). Editoreek erraz dute nirekin, beraz.   

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide