Laudioko hiriguneko asfaltotik oso gertu bada altxor ekologikoa. Basa orkideen populazio handi ak osatzen du altxor hori; azken urteetan Laudiokoloreak Elkartea arduratu da ondare biologikoa tentuz eta mimoz zaintzeaz. Elkarteko kideek buru-belarri lanean igaro dute udaberria. Izan ere, orkideen inguruko ezagutza herritarren artean zabaltzeko jardunaldien edizio berria antolatu dute aurten ere.
Hastapenak
Duela hamar urte pasatxo Laudioko Lamuza Parkea babestu eta balioan jartzeko SOS Parkea plataformak sortutako saldan jaio zen Laudiokoloreak Elkartea. Ondare arkitektoniko eta naturala balioan jartzeko ekintzen artean hainbat bisita gidatu antolatu zituzten.
SOS Lamuza Parkearen filosofiari jarraituz, Lamuza-Arraño Naturgunea bloga sortu zuten zenbait botanika zaletuk. Parkeko zuhaitzen bilduma, eta parkeari atxikituta dagoen Arraño mendiko basa-landaretzari espazioa eskaini zioten bertan. Abiatutako ikerketa lanek agerian utzi zuten orkidea basatietan Laudiok, eta bereziki Arrañok, zuen aberastasuna. Aurkikuntzak ikerketak eta ahaleginak orkideetan gehiago zentratzera bultzatu zituen Blogaren atzean zeuden naturazaleak.

Orkideak
Orkideak aipatzean, loradendetan hain ikusgarriak diren lore tropikaletan pentsatzea da ohikoena. Orkideena, ordea, landare loredunen familiarik handiena da, baita familiarik gazteena ere. Tropikoetan egunez egun ari dira espezie berriak definitzen. Darwinek berak gertutik ikertu zituen orkideak, lore-familiaren aldaera taxonomiko ugariek espezien eboluzioaren nondik norakoetan sakontzeko aukera eman zion eta.
Iberiar Penintsulan 130 orkidea espezie inguru daude katalogatuta, ehun bat Euskal Herrian.
Landare loredun oro bezala, ugaltzea da orkideen helburu nagusia, eta orkidea espezie asko polinizatzaileak erakartzeko estrategia deigarriengatik dira bitxiak. Orkidea genero batek, adibidez, imitatu egiten ditu erakarri behar dituen intsektuen formak, usainak, koloreak… Horrek forma “fantastikozko” loreak agertzea ahalbidetzen du. Eta urrutira joan gabe ere, Laudion ere badago horrelakoak ikusteko aukera.
Laudion 26 orkidea espezie identifikatu dira, Iberiar Penintsula osoko orkidea espezien %20
Basaloreak Laudion
Laudion basa orkideen populazio nabaria dagoela esaten denean, zenbat orkidea espeziez ari gara? Bada Laudiokoloreak Elkarteak azken urteetan egindako lanari esker Laudion 26 orkidea espezie identifikatu dira, azken espeziea aurten bertan atzeman dute. Iberiar Penintsula osoko espezien % 20 aurkitu daiteke Arraño mendian, 80 hektareako eremuan. Habitat naturalei buruzko Europako zuzentarauaren arabera, hamar espezie baino gehiagoko kontzentrazioa duen espazioak lehentasunezko habitat gisa jo beharra dago. Espezie kontzentrazio hori Arrañoko naturgunearen interesgarritasunaren tamaina erakusten du. Baina bada gehiago oraindik ere. Laudioko botanika zaleen azeterketak agerian uzten du Laudion identifikatutako bi espezie EAEko mehatxatutako espezien katalogoan daudela: Himantoglossum hircinum eta Orchis italica. Hain zuzen ere Orchis italica espezie kaltebera bezala dago sailkatua, desagertze arriskuaren aurreko klasifikazio estaia. Espezie honen ale bakarra agertzen da Laudion.

Orkideen babesgune
Bi jarduera dira nagusi hirigunetik hain gertu dagoen Arraño mendian: herritarren aisialdirako espazio nagusia da eta hainbat ganadutegiren esplotazio eremu ere bai.
Arestian aipatutako Orchis italica espezie kalteberaren ale bakarra aurkitu daiteke Laudion, abere batek jan edo zapalduz gero, akabo. Herritarren esku dago, ordea, ale horiek babestea. Eta hori da Laudiokoloreak Elkartearen eginkizunetako bat. Urte hauetan guztietan, hainbat lore babestu dituzte hesiturak baliatuta, bereziki hauskorragoak ziren espezieak.
Udalarekin lankidetza estua garatu dute ere. Ingurumen Arloarekin elkarlanean hasieran, gaian zeresana izan zezaketen gainerako udal arloekin gerora. Esaterako, belardien-plana osatzerakoan Udalak kontuan hartzen ditu elkarte naturalistak osatutako populazio txostenak. Loreen babesak hobetzeko diru-partidak ere handitu egin dituzte azken urteetan, lore espezie kalteberen mehatxuak ahalik eta gehien murrizteko asmoz.
Orkideak babesteko bidean urrats garrantzitsua eman du Laudiok aurten, Orkidea Basatien Kontserbaziorako Programari esker. Programaren bidez orkideak babesteko helburu eta ekintza zehatzak definitu dituzte Udalarekin. Laudiokoloreakeko kideek elkartearen izaera herritarra azpimarratu dute; programak baliabide gehiago eskainiko dizkio orkideen kontserbaziorako egiten den lan boluntarioari.

Dibulgazio zientifikoa Laudioko orkideentzat onuragarria dela sinetsita herritarrek orkideak kontserbatu eta zaintzea nahi dute
Zientzia herritarren esku
Hain zuzen ere, altxor ekologikoa babesteko ekintzarik eraginkorrena herritarren artean orkideen gaineko ezagutza zabaltzea da. Laudiokoloreak Elkarteak helburu argia du: zientzia herritarren esku jartzea eta hauek ere orkideen zaintzaile eta behatzaile egitea. Dibulgazio zientifikoa Laudioko orkideentzat onuragarria dela sinetsita daude elkarteko kideak, herritarrak orkideen kontserbazioan parte aktibo izan daitezen.
2022an antolatu zituzten lehenengo bisita-gidatuak orkidea espezie desberdinak ezagutu eta identifikatzeko. Urtez urte interesa geroz eta handiagoa zela ikusirik orkideei buruzko jardunaldien lehenengo edizioa antolatu zuten iaz, bisita gidatuak hitzaldi eta bestelako jarduerekin uztartuz.
Argazki lehiaketa
Bigarren jardunaldien egitarauaren barruan makro-argazkilaritza ikastaroa antolatu dute aurten, Urtzi Vera argazkilari orozkoarraren laguntzarekin. Ikastaro horretan zein orkideen identifikazio irteeretan jorratutako ezagutza eta ahalduntze guztia ekainaren 1ean hasiko den argazki-lehiaketan isla izatea da Laudiokoloreak Elkartearen nahia.
Halaber, herritar orok izango du lehiaketan parte hartzeko aukera. “udalerriko biodibertsitateari balioa emateko” helburuarekin.
Guztira 600 euro banatuko dituzte sarietan, lau kategoria desberdinetan bereizita: orokorra, 14 urte arteko gazteena, 14-18 urte bitarteko gazteena eta “zientzia herritarra” izeneko kategoria. Azken kategoria horretan, orain arte Laudion behatu gabeko espezieen argazkiak sarituko ditu epaimahaiak. Ekainaren 20ra arte luzatuko da lanak entregatzeko epea.
