Laudioko IV. Xake Topaketa ospatuko dute ekainaren 14an institutuko jolastokian 09:30etik aurrera. Mikel Meneses antolakuntzako kideak iragarri du 128 jokalari batuko direla parte hartzeko. "Plaza mugatuak ditugu, 64 kategoria bakoitzeko, eta urtero betetzen ditugu".
Berez, deialdiak sari ugari utziko ditu parte-hartzaileen artean, irabazi edo ez, zozketak ere egingo baitituzte. Edonola ere, egitasmoaren xede nagusia bada adin anitzeko jokalariak elkartzea. "Xakearen ezaugarrietako bat da jokatu ahal dela edozein adinarekin. Jende ugarik praktikatzen du, umeek zein nagusiek, eta helburua da beladunaldien arteko topaketa izatea", argitu du Menesesek.
Horrez gain, kirola bera kalera atera nahi dute eta ikusgarritasuna eman, jokalari gehiago anima daitezen Laudioko klubean parte hartzen.
Egitaraua
Lehiaketari dagokionez, bi kategoria egongo dira, hamalau urte azpikoentzat eta gainerakoentzat. Kartelan dagoen QR kodean eman daiteke izena eta harrera 09:30etik 10:00ak arte luzatuko dute.

Gero, jokalari bakoitzak bederatzi partida azkarretan (bost minutukoak) neurtuko ditu bere trebeziak. 12:00etan atsedenaldia izango da, eta antolakuntzak freskagarriak eta pintxoak eskainiko ditu.
Sarien banaketa 14:00etan egingo dute. Antolatzaileek azpimarratu dute egitasmoak babes handia izan duela erakunde zein negozioen aldetik eta ahalegina egin dutela sarietan.