Gaur jakinarazi dute zeintzuk izan diren Arabako Udaberriko Erakusleihoen XII. Lehiaketako irabazleak. Laudioko bi denden erakusleihoak aitortu dituzte AENKOMER Arabako merkatarien elkarteak antolatzen duen ekimenean. Alde batetik, epaimahaiak lehen sari teknikoa eman dio Laudioko Trenpea moda dendari, eta bigarrena Gasteizko Elkar liburu dendari.
Laudioko Kotoi lentzeria eta haurren modak, aldiz, erakusleiho birtualaren saria jaso du.
Herri bozketaren emaitza Arabako hiriburuko Itziar Ile Apainketako Akademiarentzat izan da, eta, erakusleihoan loreak txertatzeagatiko saria, berriz, Aguraingo Kulumsport kirol dendarentzat.
Gasteizko Arte Kreativa eskulanen negozioak euskara erakusleihoan txertatzearen saria jaso du.
Orain arte egindako edizio guztietako parte-hartzerik handiena da izan du aurtengoak, 83 establezimendu izan baitira partaide; horietako 57 Gasteizkoak eta 26 Arabako beste herri batzuetakoak, hala nola Laudio, Amurrio eta Aguraingoak.
Jon Aspuru AENKOMER elkarteko presidente amurrioarrak azpimarratu du "saltokien arteko lankidetzan lanean jarraitzearen beharra". Bere hitzetan, "hori argi eta garbi indartu da edizio honetan; izan ere, sektorearen parte hartzea bikoiztu egin da".