CD Laudioko gazte taldeak bi igoera egin ditu jarraian. Aurreko denboraldian Euskal Ligan jokatzeko txartela irabazi zuen eta amaitu berri den txapelketan, aldiz, lortu dute Espainiako Ligara igotzea.
Meritu handiko emaitza horien inguruan hitz egin dute Mikel Arbaizak eta Imanol Nogueirak. Biak ala biak izan dira arrakastaren protagonistak eta, euren iritziz, taldearen alde egon da aspaldi ezagutzen direla eta kuadrilla bilakatu direla. Giro ona egon da euren artean eta magia hori futbol zelaian azaleratu da.
Horrez gain, aipatu dute hasierako asmoa ez zela kategoria aldatzea, Euskal Ligan mantentzea baizik. Hala ere, denboraldi erdian ikusi zuten posible zela eta horri ekin zioten. 35 urte dira klub laudioarrak ez zuela hori lortzen. Hortaz, historikoa izan da.
Gakoak
Laudioarrei ondo jokatzea eta baloia ondo tratatzea gustatzen zaien arren, Arbaizak eta Nogueirak azpimarratu dute talde lana eta, bereziki, atzelarien eginkizuna: "Kategoria hauetan oso garrantzitsua da golik ez jasotzea eta gure atzelariak onenak izan dira".
Entrenatzailearen ekarpena ere nabarmendu dute: "Bi igoera lortu ditu jarraian, zerbaitegatik izango da". Gainera, giro ona sustatzen duela ere azaldu dute.
Hurrengo denboraldia
Tamalez Arbaiza eta Nogueirarentzat, biak dira hirugarren urteko gazteak. Hortaz, hurrengo denboraldian senior kategorian arituko dira: "Kategoria hauetan ezinbestekoa da talde gehiena hirugarren urtekoa izatea. Gure kasuan, ia %80 gara".
Txanponaren beste aldea da CD Laudiok ia talde guztia osatu beharko duela, 2025/2026 denboraldian Athletic Club, Alaves, Eibar, Real Sociedad edota Antiguoko izango baitira lehiakideak.
Laudioko kamiseta jantziko duten hurrengo gazteei mezua utzi diete: "Mailari eustea eta gozatzea".