Laudioko parrokoak igandeko Rocioko meza boikoteatu duela salatu du Andaluziar Etxeak

Aitor Aspuru Saez 2025ko eka. 6a, 20:36

Latiorroko Rocioko ospakizunen 2022ko irudi bat. / Aiaraldea.eus

Andaluziar Etxeko arduradunek adierazi dute parrokoak ez duela meza eskainiko Latiorron eta ez diela beste apaizei baimenik eman horretarako.

Andaluziar Etxeko ordezkariek prentsa oharra zabaldu dute sentitzen duten ezinegonaren eta nahasmenaren berri emateko. Izan ere, salatu dutenez, Laudioko parrokoak eragotzi du duela ia 40 urteko ohiturarekin jarraitzea igandean.

Berez, Andaluziar Etxean meza egiten dute duela hiru hamarkada baino gehiago Rocioko ama birjinaren omenez, baina aurten ez da izango, herriko apaizak ez duelako ahalbidetu.

Parrokoak exijitu du meza hori elizan egitea eta oztopatu du beste erlijioso batek ere eskaintzea. Andaluziar Etxeko kideek, berez, argi eta garbi eskertu nahi izan dute Gasteizko Apezpikutzako bikarioak izan duen jarrera: "Ulertu du tradizioaren balioa eta izaera eta bitartekari lanak egin ditu tokiko parrokoarekin".

Gasteizko esku-hartzea, ordea, ez da nahikoa izan eta Laudioko apaizak ez du erraztu igandean Rocioko ama birjinaren omenezko meza egitea. "Hamabi apaiz baino gehiagorekin jarri gara harremanetan eta ez dute inolako arazorik adierazi hona etortzeko, baina Laudioko parrokoak ez die utzi", azaldu dio Andaluziar Etxeko kide batek Aiaraldea Komunikabideari.

Meza ez, baina omenaldia bai

Gauzak horrela, meza ez bada ere, Andaluziar Etxeko kideek Rocioko ama birjinari omenaldia egingo diote, "betiko maitasun, fede eta errespetuarekin".

Izan ere, eutsi nahi diote euren eginkizunari: "Kulturen arteko zubiak eraikitzea, errespetua sustatzea eta gure erroak defendatzea, elkarbizitzaren eta elkar ulertzearen bitartez". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide