San Joan Astobitzako jaiekin emango diozue ongi etorria udari. Zer nabarmenduko zenukete aurtengo egitarautik?
Iratxe Letona Pastor: Urteroko egitura berdina mantenduko dugu. Berrikuntzei dagokionez, apur bat aldatuko dugu iaz abiatutako crossfit desafioaren formatua. Bigarren edizioa izango da aurtengoa, baina hainbat talderen arteko desafioa izan ordez bi talderen artekoa izango da, eta krosarekin batera garatuko da, lasterketaren zati bat egitea izango delako lehenengo proba. Ondoren, krosa San Joanera iristen den bitartean, beste probak egingo dituzte bi taldeek.
Beñat Urkixo Gorostiaga: Jaiaren egun kopurua ere aldatuko da aurten. Hiru egun izango dira, iaz bi izan ziren bitartean.
Kontzertuei dagokionez, Euskal Herrian oso ezagunak egiten ari diren bi talde izango ditugu: Mikosis eta TOC. Positiboki baloratzen dugu hori, nahiko eskaintza deigarria osatzea lortu dugulakoan gaude. Ondoren, amaitzeko, Berriztu taldea izango dugu, ohiko erromeria formatua eskainiko duena, eguna amaitzeko.
Iratxe Letona Pastor: Edo amaitzen hasteko (barreak).
"Normalean egitura berdina errepikatzen denez urtez urte, ekintzak antolatzen dituzten pertsonek nahiko modu autonomoan jarraitzen dute egitura horrekin"
Nola antolatzen zarete jaiak aurrera ateratzeko?
I.L.P.: Jai Batzordea dago, eta hortik ekintzen nolabaiteko koordinazioa egiten da. Egia da jai nahiko autonomoak direla eta normalean egitura berdina errepikatzen denez urtez urte, ekintzak antolatzen dituzten pertsonek nahiko modu autonomoan jarraitzen dute egitura horrekin. Gauzak hala, batzordea arduratzen da jarduera guzti horiek egitarauan kokatzeaz eta koordinatzeaz.
Jai batzordea urtean zehar biltzen da, datak kontuan hartuta proposamen bat osatzeko, eta proposamen horren emaitza da aurtengo kartela.
Gazteak zarete biak. Belaunaldi aldaketa eman da jai batzordean?
B.U.G.: Nik esango nuke baietz, ari dela ematen belaunaldi aldaketa, modu progresiboan. Baina, auzo baten jaia izanik, uste dut badagoela jende bat prest festak aurrera ateratzeko eta belaunaldi aldaketa hori emateko. Hori kontuan izanda, lasai egon gaitezke.
I.L.P.: Antolakuntzan badago jendea, baina datak iritsi ahala auzoko jende gehiago agertzen da laguntzeko prest, agendan markatutako data bat delako. Herriko hainbat pertsona ere inplikatzen dira, auzoa oso presente dutelako familiarengatik edo kuadrillagatik.
"Taloak egiteko, adibidez, badago jende bat urtero datorrena boluntario eta pila bat ordu sartzen dituena. Lan hori aitortu behar dugu. Horietako asko ez daude jai batzordeko bileretan, baina lan pilo egiten dute eta karga handia kentzen dute"
B.U.G.: Egitaraua ez da asko aldatzen urtez urte, gauza finko asko daude. Eta, zorionez, badago jende asko prest laguntza eskaintzeko azpiegiturarekin. Taloak egiteko, adibidez, badago jende bat urtero datorrena boluntario moduan eta pila bat ordu sartzen dituena. Lan hori aitortu behar dugu. Horietako asko ez daude jai batzordeko bileretan, baina lan pilo egiten dute eta karga handia kentzen dute.
I.L.P.: Modu horretan sostengatzen dira jaien elementu zentralak, eta hori ezinbestekoa da.
Zerk egiten ditu berezi jai hauek?
B.U.G.: Nire ustez, ingurunea da ‘puntx’ gehien ematen diona jaiari, landa eremuan ospatzea, alegia. Tradizioarekin ere lotzen da apur bat. Jendeak data markatuta dauka eta badaki San Joanera igo behar dela. Gainera, taloak baino ez daude, ez dago bokatarik. Horrek ere egiten du berezi.
I.L.P.: Ez da urteko lehengo jaia, aurretik daude Gardeakoak edota eskualdeko beste ospakizun batzuk. Baina bagara udari hasiera ematen diogunak, eta uste dut jendeak ere lotu egiten dituela San Joan Astobitzako jaiak udaren hasierarekin eta horrek dakarren guztiarekin: atsedena, eguzkia, lasaitasuna, jai giroa…
Bestetik, Beñatek esan duena dago: herrigunetik aldetzen garela. Herrian gaude, baina espazio natural batean, eta hor elementu ugari lotzen dira; sua, adibidez, ikasturtean zehar egondako kontu pilo erretzeko. Gauza asko daude elkar-lotu eta jai hau berezi egiten dutenak.
Txandak egitera ere animatu nahi dugu jendea. Horretarako, Instagram kontutik idatzi ahal gaituzue, edo zuzenean gutako norbaitengana jo. Ezagutzen gaituzue, auzokoak gara (barreak).
